Haizea Barcenilla
BEGIZ

Elkartzearen garrantziaz

2022ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Orain dela aste batzuk, kulturaren inguruko proiektu bat abian jartzen ari den lagun batek idatzi zidan galdetuz ikusizko artisten elkarte bat ote dagoen. Sorkuntza diziplina askotarikoetako ikuspegiak barnebildu nahi dituzte proiektuan, eta beste esparruetako mintzaideak elkarteetan aise aurkitu dituzten bitartean, ikusizko sortzaileen izenean hitz egin dezakeen norbaiten bila hasterakoan basamortua topatu dute. Hala da: guztion harridurarako, Euskal Herriko ikusizko artistek ez dute inolako elkarte ofizialik.

Urteak dira elkarte horren beharra mahai gainean dagoela; erakundeek beraiek eskatzen dute maiz, programak diseinatzeko orduan zaila egiten baitzaie sektorearen iritziak jasotzea. Ordezkapen ofizial baten faltan, agente solteak gonbidatzen dituzte halako proiektuetan lan egitera eta, nahitaez, haien ikuspegia da gailentzen dena. Ondorioz, eztabaidak zein ezinegonak sortzen dira gero esparruan.

Beste esparruetan elkartzeak ekarri dituen onurak ikusita, zergatik ez dira elkartzen ikusizko artistak ere? Behin, horri erantzunez, artista bati entzun nion elkartzea ezinezkoa zela «artista bakoitzak bere izaera, artearen ikuspegia eta lan egiteko modua dituelako» eta horrek elkarlana eragozten omen duelako. Esaldi horretatik hainbat kontu ondorioztatu daitezke.

Lehena, ikusizko artistek oso joera indibidualista dutela askotan. Ez denek, eskerrak, baina bada esparruan oso zabaldua dagoen joera, jeinuaren ideiarekin zuzenean lotzen dena. Kontzeptu horrek kalte ikaragarria egin die artistei, eta hala jarraitzen du egun ere. Egiazki, zertan dira ikusizkoak beste artistengandik desberdin? Ez al daude musikan edo literaturan artea ulertzeko eta egiteko modu oso apartekoak? Zerk lotzen ditu Ixiar Rozas eta Jon Arretxe? Bada, desberdintasun artistikoak bazter batean utzi ditzaketela bateratzen dituenaren inguruan biltzeko: literatur arloko langile izatearen inguruan.

Bigarrena, artista asko ez daudela hurkoarengatik lan egiteko prest; berriz ere, euren sorkuntzari zor zaizkion jeinuak direlako. Edo zehatzago esanda, badira prest leudekeen artistak, baina gutxi batzuek ardura osoa hartu beharko luketela ikusita, bestelako proiektu txikiagoak sortu dituzte. Horren adibide izan daitezke Amarika, Abisal edo Okela lantegia besteak beste, proiektu oso baliagarriak, baina elkarte antolatuago batean jarraipenik izan ez dutenak.

Igandean Maiatzaren Lehena izan zen, eta langileok kaleak hartu genituen. Ziur nago elkarterik behar ez duten artista horiek ez zutela haien egun gisa sentitu, haiek ez baitira langileak, jeinuak baizik. Jeinuak ote diren zalantzak ditut, baina ziur nago prekarizatuak eta esplotatuak direla, eta horrela jarraitzeko aukera handia dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.