Haizea Barcenilla
BEGIZ

Antzinateko postmodernoak

2022ko urriaren 11
00:00
Entzun
Napoliko Museo Arkeologiko Nazionala (MANN) objektu harrigarriz gaineztatuta dago; hainbeste dira bertako altxorrak, ezinezkoa zait ikusitako guztiaren laburpena lerro hauetan sartzea. Vesuvioren hautsen azpian lurperatutako Ponpeia eta Herkulano hirien zein hainbat villa aberatsen arrastoak bertan gorde direnez, berdin topa daiteke marmolezko eskultura erraldoi bat, zeramikazko eskuko lanpara xume bat edo beirazko iragazki bat; guztiek liluratzen zaituzte, estetikoki ez denean, euren alderdi gizatiarragatik bederen.

Denetariko objektu horien artean, irudiaren presentzia handiak hunkitu nau. Urteak daramatzat ikasleei antzinako erromatarrek irudiekin zuten harremana gurearen oso bestelakoa zela azpimarratzen. Edozein egun arrunt Instagram argazkiz hornitzen, Whatsappeko mezuei pegatinekin erantzuten eta Tiktokerako bideoak grabatzen pasatu duten gazteei arrotz egiten zaie irudiak ikustea esperientzia berezia, salbuespenezkoa zen garai urrun hura.

Egia da erromatarrek ez zutela, guk bezala, irudi bat segundo batean ekoizten, baina MANN zeharkatzen joan ahala, irudiak alde guztietatik agertzen doaz: eskultura publikoetan; horma-pinturetan, noski —irudi handietan ez denean, kolore soil bakarreko panelaren izkinan dagoen miniatura bikainean ezkutaturik—; olagarroen eta otarrainen arteko borrokak erakusten dituzten mosaikoetan; baina baita zeramikazko anforen heldulekuetan, zilarrezko kopen gainazaletan, perfumeak gordetzeko erabilitako datil formako ontzi delikatuetan, jainkoei gurtza egiteko etxeetan kokatutako eskultura txiki soiletan, umeak babesteko zakil formarekin egiten ziren amuletoetan, eta, inkluso, pastelak egiteko erabiltzen ziren txerritxo formako metalezko moldeetan ere.

MANNen ikusgarri dauden objektuak aurkitutako beste askoren artean egindako aukeraketa bat dira. Eguneroko zeramika gehienak ez zeuden irudiz apainduta; etxe askotan, gela nagusietan aurkitzen ziren pintura figuratuak, eta besteetan koloreetako marmol xaflak imitatzen zituzten soilik; eta etxe pobreagoetan, kolore bakarreko edo biko pareta leunak besterik ez zeuden. Mosaiko askok forma geometriko sinpleak zituzten, eta perfume-ontziak ez ziren ohiko jabetzak. Napoliko badiako hiriak eta villak oso aberatsak ziren, eta geratu diren altxor ederrenak daude museoan ikusgai.

Hala ere, gero eta arte erromatar gehiago ikusi, orduan eta hurbilago sentitzen ditut gugandik, agerikoa delako euren irudiekiko harremana gehiago aldentzen dela Egiptotik gugandik baino. Egiptoarren irudiak izaera magiko indartsua zuen; erromatarrenak, izaera askotarikoa eta aldagarria. Magikoa izan zitekeen, amuletoen kasuan bezala, baina baita dekoratzailea, dibertigarria, didaktikoa edo erotikoa ere. Antzinakoak izateko, zeinen postmodernoak ziren erromatarrak!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.