Haizea Barcenilla
BEGIZ

Ondarea ez da historiaren arrastoa

2018ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Hotzikara sartzen zait komunikabideetan ondarearekiko errespetuaz hitz egiten duten zenbait politikari edota herritar entzutean. Ondarearekiko maitasuna pozteko arrazoia den arren, urduritzen nau ondarearen ikuspegi higiezin eta aski akritikoa finkatzen ari zaigula baieztatzeak. Ondarea modu bakar batean izan daitekeela barneratzen hasi gara; bizia izan beharrean, denboran izoztua eta momifikatua geratu den objektua, eraikina, festa dela.

Batzuetan ez dugu ulertzen, adibidez, Erdi Aroko eraikin askok egin ziren garaiko bateratasuna galdu badute, hurrengo mendeetan gustuak, modak, beharrak aldatzearekin batera, ateak, paretak eta leihoak ere aldatu zizkietelako izan dela; eta aldaketa horiek beraiek ondare direla, hasierako itxura bera bezainbeste. Ondarea ez da bakarrik sorkuntza prozesua: hondamen, eraldatze, suntsitze, berregite, berrerabiltze eta berrasmatze prozesua ere bada.

Jatorrizkoaren sakralizazio horretan, munduko denbora eta beharretatik banatze horretan, erabat ahaztu ohi zaigu ondarea gizatalde jakinarekin bat doan elementua dela. Talde horrekin ezartzen duen hartu-emanaren ondorioz da ondare, gizarte horrek balio hori ematen diolako; ez du hartu-eman horren aurreko berezko baliorik. Baina zenbaitetan, badirudi gizartea dela ondareari egokitu behar zaiona, eta ez ondarea gizarteari.

Onartu beharko genuke ondarea aldagarria dela, are, aldatu behar dela; eta ikasi beharko genuke aldaketa horiek sortzen duten ezinegona kudeatzen, gizataldeak ez baitira beti martxa berean aldatzen, edo norabide berdinean. Ondareak, besteak beste, eztabaida eta negoziazioa baititu bere barne.

Hondarribiko gizartearen atal bat ez dago prest historian pauso bat aurrera emateko; agian oraindik ez zaie iritsi unea. Errespeta dezakegu. Baina beste atal batek urteak daramatza aurrera egiten eta, hartu-eman osasuntsu batean, berea den ondarea berarekin bidean eramaten. Hau da, ondarea biziberritzen eta elikatzen. Eta lehen taldeak, ondarea maite eta ulertuko balu, momifikatu beharrean, bere kabuz garatzen utziko lioke. Errespetatuko luke.

Bi alarde egotea ez zait tragedia iruditzen; ondareak gizartearekin duen hartu-eman horretan eman daitezkeen sinkronizazio-falta naturalen emaitza da, gogoeta emankorretara eraman dezakeen trantsizio garaia. Baina Jaizkibel konpainiaren kontra erakutsitako biolentzia bada tragedia: gizartearentzat eta, betiko alardekoek sinetsi ala ez, ondarearentzat ere bai. Haiek baitira bizirik zegoen ondarea disekatutako memorabilia bihurtzen ari direnak.

Ondarea ez da historiaren arrastoa; ondarea iragana, gaur eguna eta etorkizuna lotzen dituen kultur eta giza prozesua da. Eta betiko alardekoek hori ulertu bitartean, alardea hiltzen doa, betiko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.