Ismael Manterola
BEGIZ

Mathieu Noailleskoa

2018ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Pertsonak eta hitzak bezala, artelanak ere urteetan ezkutuan egon ondoren bat-batean azaldu daitezke, behin eta berriz topatu arte. Horixe bera gertatu zait Zuloagak Noailleseko kondesari pintatutako erretratuarekin.

Lankide batekin Euskal Herriko XX. mende hasierako arteak emakumeak nola irudikatzen zituen aztertu ondoren, Zuloagaren koadroari buruz hitz egiten bukatu genuen. Orokorrean Zuloagak emakumeak gizonaren ikuspuntutik ikusten baditu ere, irudi folkloriko eta erotikoa landuta, Mathieu Noailleskoari egindako erretratuan beste zerbait ikus daitekeela adostu genuen. Emakume erakargarri moduan azaltzen du idazlea, baina ez itxura fisikora mugatuta, intelektualak sortzen duen erakargarritasunean oinarrituta baizik. Bere lagun intelektual gizonezkoak irudikatzeko modutik urruntzen bada ere, Zuloagak Noaillesko kondesa berdintasunean tratatzen duela ematen du. Artearen historiak eskainitako ereduetatik jasotako jarrerak ez du emakumea gizonen desira objektura edo bigarren maila bateko rol hutsera mugatzen. Hala ere, gure galdera da: Zuloaga ausartuko zen Falla, Maurice Barres, Unamuno, Azorin edo Valle Inclan ohean etzanda eta oihalez inguratuta irudikatzera?

Aste berean, Zuloagaren erretratua berriz azaldu zitzaidan Xabier Gantzarainek BERRIAn idatzitako Aurpegiaren balioa izeneko artikulu interesgarrian, argazki eta guzti. Artikuluan, artelanen erabilpen politiko eta diplomatikoa aipatzen da, Asier Mendizabalen testu bati erreferentzia eginez. Hain zuzen, Espainiako erregearen atzean azaltzen den koadroak artikuluan aipatzen ez diren bizipen historiko eta politiko ugari izan zituen. Horien artean, 1919. urtean Bilbon antolatu zen Nazioarteko Pintura eta Eskultura Erakusketa dago. Garai hartan, Bilbok arte erreferente izan nahi zuen, eta, horretarako, erakusketa zabala antolatu zuen Europan egiten zen arte modernoa erakutsi ahal izateko (moderno esaten dugu eta ez abangoardiakoa). Bertan, Ramon de la Sotak, Bilboko enpresa gizon aberatsak, erakusketako protagonistetako bat izan zen Zuloagari Noaillesko kondesaren koadroa erosi zion Bilboko museoari emateko. Keinu horren bidez, de la Sotak gauza asko adierazi nahi zituen. Bat: Zuloagari garrantzia ematea bere herrian, hau da, Espainian kritika ofizialak errefusatzen zuen pintore baten alde egitea Euskal Herrian. Bi: bere aberastasuna erakustea, baina hori baino gehiago dirua kultura sustatzeko erabili behar zela adieraztea. Eta hiru: Bilboko Arte Ederren Museoa bertakoek bultzatutako eta elikatutako proiektua zela; erakundeetatik aparte, gizarteak bultzatutako ekimen kultural ezinbestekoa zela hiri moderno kultua eraikitzeko.

Ramon de la Sotak euskal nazionalismoa bultzatu zuen, bere seme bat izan zen Bizkaiko Aldundiko lehendabiziko buru nazionalista. Francok jabetza guztiak kendu zizkion familiari gerra zibila bukatu ondoren. Sotak eta Francok biek Zuloagaren koadroak erabili zituzten helburu ezberdinetarako. Biek artea tresna modura erabil zitekeela bazekiten, gaur egungo agintari eta enpresaburuek bezalaxe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.