BEGIZ
Matxismoa akademian
«Noiz eta nola» galdetzen didazue batzuek ironiaz, beste batzuek zalantzaz?
Adibidez, «gazte» deitzen didatenean, niri bakarrik, taldean nire adineko hainbat gizon egon arren. Akademiako gizon gazteak ez dira nire zentzu berean gazte: ni hasiberria naiz, aurretik ikasteko asko duena eta irakasteko gutxi; gizonak aurreratuak dira; zenbaitetan, baita jenioak ere. Kanpokoekin haietaz hitz egiten dutenean soilik izendatzen dituzte «gazte», harrotasunez, euren adinerako lortu duten guztia azpimarratuz; aurrez aurrekoetan, izena dute. Aurrez aurrekoetan, ni «gazte» naiz, eta kanpokoekin ez dute nitaz hitz egiten.
Adibidez, kanpoan ikasi eta pare bat erdaratan aritzen den gizon bati buruz eredu gisa aritzen direnean nire aurrean, jakintzat emanez ez naizela sekula nire sukaldetik atera eta lanpostua euskaraz jakite soilagatik lortu dudala. Eta, ni ausartzen ez naizelako, beste lagun batek gogorarazten duenean lau lurralde desberdinetan ikasia naizela eta zazpi hizkuntza hitz egiten ditudala jartzen duten sinesgaiztasun aurpegia. «Baina x-k alemanez ondo daki», azpimarratzen didatenean, nire kasua murduskatze hutsa izango dela jakintzat joz.
Adibidez, bi hitzaldiren artean ondoan eseria dudan adin eta kategoria bereko gizonari galdera bat egin, eta hark bizkarra eman eta nire galdera beste aldean duen katedradunari erantzuten dionean. Eta haren arreta erakarri nahi dudan arren ausartzen ez naizenean, badakidalako «nik egin dizut galdera» botako banu histeriko labela jarriko lidaketela, edozein txorakeriagatik haserretzen denarena.
Adibidez, doktoretza eskolako zuzendariak gizonezko tesi-zuzendariei euren doktoregaiekin seminarioak egite aldera beste unibertsitateetako adituak ekartzeko dirua eskaintzen dienean eta niri ez. Edo nire inguruko gizonei automatikoki tesia argitaratzeko aukera ematen dienean, sari berezirako izendatutako lankide emakumea kasualitatez ahaztu bitartean.
Adibidez, lantalde berrian aurkezteko orduan, bertako zuzendari zaharrak «ez al zenioten emakumeak eta gazteak falta zitzaizkigula? Ba, honekin biak betetzen ditugu», esatean.
Adibidez, lan egiteko modu berriak proposatzean, paternalismoz begiratu, zein neska jatorra eta trebea naizen azpimarratu, ergelei gisa baiezkoa eman, eta gero kontrako moduan jardutean. Eta hitzartutakoa bete ez delako egoerarekin eroso ez nagoela esatean, eman zaidan aukera bikaina oroitarazi eta txorakeriak albo batera utzita «benetan inporta duten gauzetan» zentratzeko eskatzen didatenean, gauza horiek zeini inporta dioten eta niri zerk inporta didan une batez ere hausnartu gabe.
Horrelako egoeretan sentitu dut matxismoa akademian eta ikerketaren munduan.
Gaiak
Kinka buletina
Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.