Ismael Manterola
BEGIZ

Buruhauste etikoak

2018ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Orain dela hamabost eguneko artikuluaren azken esaldiari tira egingo diot gaurkoa hasteko. Agintariek eta enpresariek, historian zehar, artea erabili dutela esaten nuen, gaur egun egiten duten modura. Azken ideia hori Petronorrek babestutako erakusketa batek eragin zidan.

Euskal Herriko hainbat eta hainbat artista, arte historialari, kritikari, komisario eta abarrek parte hartu dugu enpresa handi batek diruz babestutako erakusketa batean. Ez da berria, eta ez du ematen garrantzi handirik duenik. Baina kode etiko edo «zoru etikoari» buruz hainbeste hitz egiten den garaian, zilegi al da bide ez oso errespetagarrietatik lortu den diruarekin ordaindutako erakusketa batean parte hartzea?

Ez dakigu seguru Petronorren dirua nondik datorren, baina badakigu kide duen Repsolek nola lortzen dituen irabazien ehuneko handiak: batez ere Hego Amerikan zabaldutako proiektuekin. Artearen mundutik, ez ikusiarena egiten dugu. Ez dugu ezer jakin nahi, baldin eta dirua kulturan gastatzeko ematen badute.

Baina garai bateko burgesek artea beren arimaren salbazioa lortzeko (erosteko) enkargatzen zuten modura, gaurko enpresa handiek artean gastatzen dute aurpegia garbitzeko; kulturaren sustatzaile edo bultzatzaile handiak direla adierazten dute. Adibide moduan, Petronorreko web orrian dauden bi prentsa ohar: bat, Juan Luis Goenagaren liburua argitaratu duela, eta bi, 68aren ostean izeneko erakusketa babestu duela.

Artista gizartearen azken tokian dagoenez eta prekaritate handian bizi denez, ez du ia aukerarik horrelako proiektu bati ezetz esateko. Hala ere, gustatuko litzaidake jakitea 68aren ostean erakusketan parte hartzera gonbidatutakoen artean uko egin dionik badagoen. Erraza da gizarteko beste langileei eskatzen ez dizkiegun zorroztasun edo osotasun etikoak artistari eskatzea, baina, beti bezala, arteak bozgorailu efektua egiten duenez, gure kontraesanak eta arazoak azaleratzen ditu.

Zer egin horrelako proposamenaren aurrean? Norberak erabaki beharko du. Aspaldian, futbol talde batek egoera hori sufritu zuen, eta zaleek errazegi barkatu zuten. Euskal musika talde bat antzeko egoera batean egon omen da azken boladan.

Erabaki pertsonalez kanpo, argi dago zaila dela artelanaren kritikotasuna mantentzea behin lana horrelako erakusketan sartu ondoren. Esate baterako, Itziar Okarizen Txiza egiten espazio publikoetan edo pribatuetan eta Ibon Aranberriren Politica hidráulica lanak beste modu batera ikusi nituen Petronorrek babestutako erakusketaren barruan.

Erakusketak artelanak azaltzeko erabiltzen ditugun egitasmoak diren heinean, garbi izan behar dugu ezkutatzeko ere erabil daitezkeela. Hain zuzen ere, kontuan izan behar dugu ere erakusketa batzuen lana izan daitekeela kritika neutralizatzea eta artelana objektu estetiko hutsera mugatzea.

Hala ere, erakusketa batzuen ekarpenik interesgarriena gizartearen kontraesanak azaleratzea izan daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.