BEGIZ

Gorputzen kultur erregulazioa

Haizea Barcenilla -

2019ko otsailak 5
Gabonetan Haendelen Messiah-ren emanaldi batera joan nintzen gurasoekin. Gutxitan goaz kontzertuetara, baina Messiah berezia da: 13 urte nituenean aitari CDa oparitu genionetik, beti darama kotxean jarrita. Beste batzuek Berri Txarrak edo Madonna edo El Fariren diskografia errepidearekin erlazionatzen duten bitartean, guk Aleluia oihukatzen duen abesbatzarekin lotzen dugu. Oporraldietako kotxe bidaia luzeetan guk, ateo porrokatu garen hauek, The Mighty God, The Everlasting Father (edo antzeko soinu batzuk) abesten genituen ozenki, ebanjelistek elizan bezain gartsu. Eta ez uste musika klasikoaren zale porrokatuak garenik: Messiah da kontua, familia-fetitxea.

Ez da harritzekoa, beraz, kontzertuaren berri jaso bezain laster txartelak erosi izana. Ez da harritzekoa kontzertua hasterako hirurok hunkituak egotea. Baina aldi berean, frustrazioa ere sentitu nuen nik, gorputza ez zitzaidalako musika klasikoko kontzertu batek eskatzen duen protokolo fisikora egokitu nahi. Berri Txarrak, Muse edo Madonnaren kontzertu batean bezalaxe, soinak musikaren kadentziekin gora eta behera mugitzea eskatzen zidan, and He shall reign for ever and ever gartsu abestea, besoak astintzea. Aulkian lotuta sentitzen nintzen, musikaz mentalki gozatzen, baina gorpu baten barneko izpiritua banintz bezala, hozturik, urrun. Konturatzerako, finko geldo zeuden beste gorputzen artean kulunkatzen nintzela nabaritu nuen, ezin nuela ekidin; eta ez nuela ekidin nahi. Zergatik egin daiteke salto rockeko kontzertu batean eta musika klasiko barrokoko batean ez?

Ahazten zaigu maiz operetak ikusleek ere abesten zituztela; Messiah lurralde anglosaxoi askotan gaur ere pieza popularra dela, herri abesbatzekin muntatzen dena gabon garaian. Zergatik abesten ditugu gabon kantak elkarrekin, eta musika klasikoa, ordea, ez?

Carol Duncanek museoetan ematen den gorputzaren erregulazioari buruz idatzi zuen, eta bikain azaldu nola onartzen ditugun halako instituzioetan jarduteko modu zehatzak: errituetan bezala, hitz egiteko eta mugitzeko arauak daude, eta inork azaldu gabe ikusi, barneratu eta errepikatzen ditugu. Museoetan legez, kontzertu mota desberdinetan ere aurkitzen ditugu halako arau kulturalak. Giza taldetzat identifikatzen gaituzten kodeen atal diren heinean, jakintzat ematen ditugu, zergatik men egiten diegun pentsatu gabe.

Honela, zenbait adierazpenetan gorputz gara, eta ez burmuin, eta mugimendua da gugandik espero dena; eta besteetan, aldiz, gorputz ezeroso bati itsasten zaion burmuin bilakatzen gara. Eta batean zein bestean ahazten zaigu izaki osoak garela, gorputz, arrazoi, burmuin, oroitzapen eta sentimenduak, guztiak bat.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna