Haizea Barcenilla
BEGIZ

Tentel nahiago

2019ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Aurreko astean Faktoria-n izan ginen Xabier Gantzarain eta biok, Maite Artolarekin museoen funtzioaz hitz egiteko. Une batean, Gantzarain sakontasunik gabeko erakusketa espektakularren jokoaren arriskuaz ari zela, Artolak jendea erakartzeko beharrarekin lotu zuen gaia: azken finean, jendea museoetara joan dadin nahi dugu, ezta? Dirudienez, edukia duten erakusketak ez ditu inork ikusi nahi.

Arriskutsua da galdera horretan kamuflatuta egiten den baieztapena; Artola ez da ideia buruan duen bakarra, politikari askoren hitz eta eginetan sumatu baitut orobat: barneratutako sinesmen esan gabea da. Baieztapen horrek dio publikoa tentela dela. Publikoari konplexuak diren gauzak emanez gero, aurpegira botako dizkizula. Publikoa ezgai dela Youtubeko bi minutuko bideoaz gaindi arreta ganoratsua jartzeko. Publikoa leloa, txepela, mozoloa eta tuntuna dela, eta bere neurriko libertimendua eskaini behar zaiola; alegia, kulturaren mailara ere iristen ez den gainazaleko aisialdi entretenigarria.

Baieztapena Ā«jende guztiarentzatĀ» egin behar diren erakusketen atzean dagoen bera da, turistentzat friendly-ak diren proposamen kulturaletan topa dezakegun bera. Eta ez dakit zein ikerketa zientifikoko datutan oinarritzen den ditxosozko baieztapena, nire esperientzia nahiko desberdina delako. Museo zalea izatez eta profesioz, hainbat lurraldetan halako instituzioetara egin ditudan hamaika bisiten ondorioz, esan dezaket badela planteamendu kritikoak eta edukia igortzen dituen sorkuntza kulturala maite duen publiko zabala. Are gehiago, badela ezaugarri horiek maite ditzakeen publiko potentzial askoz ere handiagoa. Hura kudeatzen jakingo bagenu, ez ginateke ikusleen zifrak kontatzearekin konformatuko: ikusle horien kultur osasuna baloratu ahalko genuke.

Baina, noski, pauso batzuk nahitaezkoak dira horretarako: hasteko, museoak konplexutasunez komisariotu behar dira, ikerketatik abiatuta, diskurtso maila desberdinak bateratzeko gai diren proposamen pizgarriak aurkeztuz. Politikarien bermea nahitaezkoa da hori lortzeko, halako lanek denbora behar baitute, eta ez fabriken moduko ekoizpen mekanikoa; instituzioek emaitza kuantitatiboak eskatuz museoak etengabe estutzen badituzte, ezin halakorik burutu.

Bestetik, komunikabideetan halako erakusketa mamitsuen aurkezpenak eta kritikak egin behar lirateke, kultura maite duten kazetarien eskutik, eta ez goizeko ordu bietan, prime time-an baizik. Sortzaileei ikusgarritasuna eman beharko litzaieke, eta publikoari horien lanaren izaera ezagutzeko parada.

Baina nago politikari eta kudeatzaile askok publikoa tenteltzat izateaz gain tentel nahiago dutela; eta ez dutela saiakerarik egingo publiko kurios bizi bat eraikitzearen alde. Galdera da: zergatik?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.