Ismael Manterola
BEGIZ

Diseinua

2019ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Diseinuaren inguruan eztabaidan aritu naiz ikasleekin. Kontzeptua zehaztearekin batera, artetik zerk desberdintzen duen erabakitzeko irizpideak bilatzen jardun dugu. Eztabaidan harritu nau gazteek zeinen barneratua duten diseinuaren funtzio komertziala. Diseinua saltzeko da, eta artea ez. Luze eztabaidatu daiteke azken baieztapenaren inguruan, batez ere saltzeko arte asko ezagutzen dugulako eta funtzio komertzial handirik gabeko diseinu asko dagoelako, baina salerosketarako logika guztion buruan noraino txertatuta dugun izan daiteke ateratako ondoriorik harrigarriena.

Argi dago diseinuak kontsumo gizartearen barruan garrantzi handia duela. Ez dago zalantzarik gaur egun diseinuak salmentak igotzeko zeregina duela, baina, alde hori bakarrik hartuz gero kontuan, kapitalismoaren garaipenaren ikurtzat har dezakegu diseinua.

Gizakiaren bizimodua hobetzea edo bizitza erraztea izan zitezkeen garai bateko diseinuaren helburuak. Eguneroko objektuenberrikuntzak eta hobekuntzak zentzu antropologiko edo humanista zuela esan dezakegu, alderdi estetiko formalekin osatuta. Ezberdintasun edo hobekuntza hori estetikaren oinarrian jartzea diseinatzaile askoren helburua zen. Baina, azken urteetan, diseinuak saldu egiten du, eta gehiago saltzeko ere erabili daiteke. Horrela, formen erakargarritasuna ez dago gizakiaren erabilgarritasunera bideratuta, enpresa handien salmenta zenbakietara begira baizik. Hala izan behar du enpresa handi horientzat, noski, baina nola sartu da gure buruetan guztiontzat horrela izan behar duela? Irizpide kritikorik gabe, ikasleei normala iruditzen zaie diseinuaren erabilpen komertziala; onartuta dute, berezkoa izango balitz bezala, naturala edo gizarteak emandakoa. Hain zuzen, eraiki dugun gizarteak hala eskatzen du. Gizartearen hobekuntza bezalako ideia ilustratuak atzean geratu dira.

Unibertsitatean humanitateekin harremana duten jakintza arloak gero eta baztertuago daude, eta enpresekin dugun harremanaizango da kalitatearen neurria etorkizunean, edo da orainaldian. Nola azaldu ikasleei diseinuak klima aldaketaren kontrako borrokan lagun dezakeela? Nola azaldu diseinuak emakumeen borrokan eragin dezakeela? Azken hilabetean unibertsitatean izan ditugun bi greben gaiak aipatzearren. Nola lotu behar ditugu gizarteak hainbeste urruntzen dituen teoria eta praktika, unibertsitateak berak teorian gauza batzuen alde egiten duen bitartean (berdintasun planak adibidez), praktikan beste batzuen alde egiten badu, adibidez, jakinduria enpresen menpe jarrita?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.