Ismael Manterola
BEGIZ

Bilduma zaletasuna

2019ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Bilduma pribatu batean oinarritutako museoa bisitatzen ari nintzen bitartean, galdera ugari etorri zitzaidan burura. Lehendabizikoa: zenbat diru izan dezake norbaitek hainbeste artelan erosteko? Horrekin lotutako beste bat: nolako etxea eduki dezake norbaitek hainbeste gauza biltzeko? Beste galdera askoren artean, beste bat: bildumagileak artelan guztiak modu zuzenean bildu al zituen? XIX. mendearen bukaeran eta XX. mendearen hasieran pilatutako arte historikoko bilduma izanda, tentazioa izan dezakegu pentsatzeko jabeen ezjakintasunaz baliatuta lortutako artelanak izan daitezkeela.

Egia da beste garai batzuk zirela, eta estatu batzuk ondarearen babesaren gaineko nahiko lan egin gabeak zirela; horregatik, iruzurrak edo trikimailuak bururatzen zaizkigu garai hartako bildumazaleengan pentsatzen dugunean. Baina beste hausnarketaren bat ere egokia dela iruditzen zait, gaiaren inguruko ikuspuntu guztiak osatzeko orduan: bildumazale aberatsak artelanei baliorik eman izan ez balie eta erosi izan ez balitu, egongo al lirateke gaur egun ikusgai? Artelan ugari desagertu dira jabeek ez zutelako balioaren gaineko kontzientziarik, edo, arte erlijiosoaren kasuan, berriago batek ordezkatu zituelako. XX. mendearen hasieran, herri txiki eta baserri guneetako artelan asko saldu ziren, sos gutxi batzuen truke gehienetan, baina baita ondo ordainduta ere. Beraz, nola begiratu bildumazalearen ahalegin ekonomikoari eta kulturalari esker bildutako edertasun hura guztia?

Inbidiaren eta amorruaren artean, garai hartako bildumazaletasunaren eta gaur egungoaren arteko desberdintasunak bururatzen zaizkigu bilduma pribatuak jasotzen dituzten museoetan. Garai hartako bildumazale handietan, aberastasuna eta kultura batera zihoazen, eta ez zegoen artearen merkatuan XX. mendearen bukaeran sartu zen kontzeptu maltzurra: inbertsioa. XIX. mendetik zetozen kapitalista askok ez zioten batere begirunerik arteari, baina beste batzuek ondo ulertu zuten zeregin inportantea betetzen zuela beraien sisteman. Gaur egun, berriz, aberats handiek ez dute artezaletasun handirik, aholkulariak erabiltzen dituzte artea erosteko orduan eta ez zaie gehiegi inporta gustukoa duten ala ez. Badakit gaur egun gustua ez dela artea eskuratzeko irizpidea, batez ere bilduma publikoetan, interesari garrantzia ematen baitiogu. Hala ere, bildumazaletasuna artelanen balioan oinarritzea izugarria iruditzen zait.

Bildumagile pribatuaren artelanetan oinarritutako museoaren bukaerara iritsi nintzenean, txalotu nuen bizitza baten emaitza izan zen edertasun pilaketa hura gure esku jartzea bilduma publiko bihurtuta. Jende askok jarraitzen ez duen eredua izan arren, artearen bokazioa publikoa dela pentsatzeari ez diogu uko egingo gutxi batzuek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.