Ismael Manterola
BEGIZ

Izoztearen ondoren

2019ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Erosketak egiteko aurrekontua 2015. urtetik izoztuta eduki ondoren, datorren urtean 3 milioi euro izango ditu Bilboko Guggenheim museok artelanen bilduma aberasteko. Berri ona da azken urteetan museo publikoek jasan dituzten murrizketak gainditzen ari direla jakitea, kulturak krisian eraginik izan gabe krisia gehien jasan duen gizarte arloa izan baita.

Hala ere, pena da itxuraz bukatzera doan murrizketa garai hori EAEko museo publikoetako erosketa politika antolatzeko ez erabiltzea. Beste behin ere idatzi izan dut hiru edo lau museo handien arteko konpetentziaz arte garaikidea erosteko orduan. Bilboko Arte Ederren Museoaren helburuetako bat arte garaikidea erostea izan da, eta, hain zuzen, azken urtean euskal artisten lanak erosi eta ikusgai jarri ditu. Artiumen zereginetako bat ere gaur egungo euskal artisten lanak erostea da, nahiz eta erosketak egiteko dirurik ez duen izan azken urteetan. Donostiako San Telmo museoak arte garaikidea erosi izan du, batez ere Euskal Herriko artistei eskaini dizkien programen bidez. Agerikoa da Bilboko Guggenheim museoaren erosketak arte garaikidera bideratuta daudela —edo egon direla, murrizketak iritsi arte—.

Beraz, 2 milioi eta gutxi biztanle dituen lurralde batek arte garaikidea erosten duten lau erakunde ditu, diru iturri ia berarekin. Museo bakoitzak bere lan ildoak dituela esango dute, bakoitzak bere berezitasunak eta ñabardurak, baina diru publikoaren erabilera antolatzea mereziko luke. Gainera, gaur egun museoen lana ez da bilduman hainbeste oinarritzen. Badirudi bildumarik gabe ere lan egin daitekeela; horregatik, agian erakunde bakar batean bilduma handi bat osatzearen aldeko jarrera hartu beharko genuke, edo museo bakoitzaren berezitasunak zehaztu, guztiek gauza bera ez erosteko. Zalantza handirik gabe, Eusko Jaurlaritzak bildumaren nondik norakoak gidatu beharko lituzke, beste erakundeen proposamenak eta aholkuak entzun ondoren. Lehendabizi, dugunaren ikerketa egin beharko genuke, jakiteko bildumek hutsuneak dituzten edo bikoizketak saihesteko. Adibidez, emakumeek egindako artean hutsune bat egongo da seguru asko. Gero, artistari zuzenean erosteko aukera eskaini behar zaio, tartekoak alde batera lagata, batez ere merkatu handietan mugitzen direnak. Azkenik, oreka mantendu beharko genuke hemengoaren eta nazioartekoaren artean. Euskal Herriaren egitura administratiboa kontuan izanda, erakundeen hurbiltasuna beste toki askotan baino errazagoa iruditzen zait, eta horregatik ez litzateke zaila izango horrelako proposamen bat hiru administrazioetara eramatea.

Nahi izanez gero, egin daiteke, baina denok dakigu kultura ez dela aipatu ere egiten datorren urteko aurrekontuak negoziatzen ari diren une honetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.