Ismael Manterola
BEGIZ

Artearen ardura soziala

2020ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Urtarrilaren 30eko grebaren oihuek artearen alde aktibistena gogorarazi didate. Asko izan dira, eta dira, artea erabili dutenak gizartearen arazoak agerian jartzeko. Hala ere, gaurko honetan oso ezaguna ez den bati buruz hitz egin nahi dut. 1969. urtearen hasieran, New Yorken, Takis izeneko artista greziar batek bere lana kendu zuen MOMA museoko erakusketa batetik, ados ez zegoelako museoa egiten ari zen bere lanaren erabilpenarekin. Ekintza horrek artisten eztabaidagune berezia zabaldu zuen New York hirian, eta, elkarketa eta eztabaiden ondorioz, Art Workers' Coalition izeneko taldea osatu zen, artearen gizarte eta politika arduren gainean ohartarazteko.

Nahiz eta MOMAko arduradunei bidaltzeko hamahiru eskaera nagusien zerrenda idatzi, hiru gaik hartu zuten lehentasuna talde berriko artistentzat: emakume artista eta artista beltzen hutsunea MOMA bezalako museo batean, eta Vietnamgo gerrarekin museoaren babesle aberatsek zuten konplizitatea.

Hain zuzen, Vietnamgo gerraren aurkako ekintza batek egin zuen ezagun Art Workers' Coalition taldea (AWC), 1970. urtean, And Babies izeneko posterra Picassoren Gernika koadroaren aurrean erakutsi zutenean. Ezin dugu ahaztu Gernika MOMAn zegoela ikusgai sasoi hartan, eta gerra guztiak zibil errugabeentzat izan diren bidegabekerien aurkako sinbolo izateari utzi ziola, irakurketa formalista eta estetiko baten alde. Horregatik, AWC taldekoek koadroaren esanahi sozial eta politikoa berreskuratu nahi zuten; garai hartan AEBak Vietnamen herritarren kontra egiten ari ziren sarraskien aurka egin, artelanaren bidez. And babies izenburua zuen posterrerako, My Laieko zibilen hilketaren harira prentsak argitaratutako argazkia erabili zuten, telebistako elkarrizketa batean sarraskian parte hartu zuen soldadu batek erantzundako esaldiarekin: «And babies?», galdetu zuen elkarrizketatzaileak hilketaren harira, «And babies», erantzun zuen militarrak.

AWC taldeak MOMArekin hitzartu zuen artelanaren produkzioa, baina, azken momentuan, eta dirudienez museoa babesten zuten aberatsen presioen ondorioz, atzera egin zuen eta ez zuen erakutsi nahi izan. Hala ere, hiriko litografoen sindikatuak 50.000 poster inprimatu eta boluntarioen bidez zabaldu zituzten, hirian eta hiritik kanpo. Azkenik, manifestazio jendetsu batek Gernika-ren aurrean erakutsi zituen posterrak, lehen esan dugun moduan.

Taldea 1971n desagertu bazen ere, museoaren gaineko ardurak artisten eta gizartearen artean banatzeko eztabaida piztu zuen. Gaur egun museoak normaltzat dituzten erabaki batzuk —adibidez, ikusleentzat egun bat doan izatea— AWCk egindako hamahiru aldarrikapenetatik sortu ziren. Oraindik gaur egun, gure museorik newyorktarrenak azken baldintza hau bete gabe jarraitu arren, zaila iruditzen zait antzeko euskal AWC batetik eskaera etortzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.