Haizea Barcenilla
BEGIZ

Zaborra zaborra da

2020ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Orain ia hamabost urte entzun nuen Basurama kolektiboaren izena estreinakoz. Andoaingo Bastero kultur etxean ekitaldi bat antolatu zuten, non bakoitzak erabiltzen ez zuen zerbait eraman eta beste zerbaitengatik trukatu zezakeen, bertan utzi edonork erabil zezan... Garai hartan, estetika erlazionala deritzona pil-pilean zegoen; alegia, proposamenaren bitartez sortzen zen elkarbizitzako unea eta elkartrukea kontsideratzen zen fenomeno estetikoa. Hortaz, arreta handiagoa eskaintzen zitzaion alde parte-hartzaileari, zaborrekin egindako lanari baino.

Antolatzaileentzat, aldiz, zaborren kontua ez zen anekdotikoa. Basterokoa egin zuenean, bost urte inguru zeraman Basuramak lanean; egun, ia hogei urte dira, eta beti zaborrei buruzko gogoeta jardunaren oinarri duela. Tarte horretan, gaiari heltzeko modua garatzen joan da. Orduko lanetan berrerabilerari eta birziklapenari buruzko ikuspegiek zuten nagusitasuna. Bazegoen, gainera, zaborrari balioa ematearen nahia, edertzekoa. Horren adibide, ekitaldi haren leloa: «Zure zaborra ez da zaborra».

Agian Aizmendiko zabortegitik kilometro batzuetara jaio naizelako, baina beti kosta egin zait zaborraren alde ederra ikustea. Kontua da, niretzat, bigarren eskuko gona, edo berrerabil daitekeen mikrouhin labea ez direla, zehazki, zaborra. Noski, ikasi behar dugu gauzak luzeago erabiltzen, biziberritzen, konpontzen, eta hori bada aferaren parte. Baina zaborra, nire haurtzaroan, San Markos mendi magalean pilatzen zen kiratsez beteriko masa formagabe hura zen, gainetik kendu ezina, desagerrarazi eta berrerabili ezinezkoa: garai geologikoetan zehar metatuta egongo den hura. Zaldibartik labaindu dena da zaborra, bi gizaki hiltzeaz gain, lurra, airea eta ura kutsatu dituen hori. Plastikoak, kimikoak, eraikuntzako eta industrietako material kutsakorrak. Hori da zaborra, eta zaborra zaborra da.

Egun, zaborra sortzen den moduaren gaineko gogoeta bultzatzen zentratzen da Basurama, eta ez hainbeste zaborraren erabilgarritasuna goraipatzen. Konturatu baitira, eta haiekin gutako asko, gauden puntuan konponbidea ez dela zaborra nola berrerabili edota non pilatu, ahalik eta zabor gutxien sortzea baizik. Aldaketak drastikoa izan behar duela. Pena ematen dit Jaurlaritzaren adierazpenetan errealitate honen gaineko aipamenik ez entzuteak. Leihoetan zabor-poltsak zintzilik ez ikusteak.

Helburua ez da Zaldibarko hondakin kutsakor eta hiltzaileak beste nonbait sartzea: helburua da Euskal Herria hondakindegi erraldoi ez bihurtzea. Umetan, maiz pentsatu nuen zorte oso txarra zela zabortegi baten alboan bizitzea. Baina egun pentsatzen dut aurki zorte izugarri ona izango dela zabortegi baten ondoan ez bizitzea, Lur osoa zabortegi bihurtzen ari garelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.