Ismael Manterola
BEGIZ

Azukrea eta marmola

2020ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Ez dakit zuei, irakurleei, baina gaixotasunaren ondorengo normaltasunak beldur pixka bat ematen dit. Aurreko egoera nahikoa binarioa ez bazen, oraingoan heroi eta koldarren artean banatu dute gure mundua, Erdi Aro berri baten antzera. Itxialdiak iraun zuen denboran politikariek botatako guda itxurako leloak beldurra emateko modukoak izan ziren, baina telebistako ondorengo publizitatea gonbitoak botatzeko modukoa egiten ari zait, hainbeste azukrez beteta. Zaila da ulertzea zergatik ez dugun onartzen jende zaila garela eta heroi bezain koldar izan gaitezkeela, solidario eta berekoi, aingeru eta deabru, maitagarri eta gorrotagarri; dena batera eta aldi berean. Hannah Arendtek ohartarazi zigun moduan, naziak ez ziren munstroak, musika, literatura eta artelan oso delikatuak gozatzeko gai ziren pertsonak baizik.

Horregatik, ulertzeko zailak zaizkit han eta hemen azaldu diren ekinaldiak, COVID-19ak hildakoak eskulturen bidez omentzeko. Madrilgo erkidegoko presidenteak, esaterako, eskultura bat jarri nahi izan du COVID-19 delakoak hil dituenak omentzeko. Erosi ondoren, oihalez estalita gorde behar izan du Madrilgo Correos-en egoitza erraldoiaren erdian, hil berria den Christo artistaren gozamenerako. Beti pentsatu izan dut biktimei egin geniezaiekeen omenaldirik onena biktima gehiago ez izatea dela, eta Madrilgo osasun sarearen ardura duen presidenteak eskultura bat eraikitzea baino hobe luke, hurrengo batean, osasun sistemaduinak ziurtatzea, beste gaixotasun olderen bat iristerako prest egon gaitezen.

Tentazio handia da eskultura erabiltzea omenaldiak egiteko. Boterean daudenei asko gustatzen zaizkie inaugurazio ekitaldiak; argazki politak eskaintzen dizkiete, oposizioa ere bertara biltzen dute (oso irudi txarra emango luke kontrakoa egiteak) eta propaganda egiteko modu fina da.

Dinamika horiek asko ikusi ditugu Euskal Herrian. Eskultura objektu bat erosi (sarritan irizpide handirik gabe), hiri edo herri erdian jarri, eta hor geratuko da betiko elementu ukiezina. Ekinaldiaren arbitrariotasunaz ohartuta, batzuek lehiaketa antolatu izan dute, gehiegi kuestionatu gabe monumentua beharrezkoa den edo ez. Itxura demokratikoa ematen du, nahiz eta azken emaitza antzekoa den: objektu bat espazio publikoaren erdian.

Madrilen gertatutakoa Espainiako beste hainbat tokitara zabaltzen ari omen da, eta, jakin dugunaren arabera, Andaluzian eskultura sorta ederra enkargatu dute herrialdeko zortzi hiriburutan kokatzeko (hori bai, guztiak Almeriako marmolez egindakoak). Ea pandemia horretaz ez garen Euskal Herrian kutsatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.