Haizea Barcenilla
BEGIZ

Dekolonizatze guztien alde

2021eko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Naonedeko Anne Dukesaren gazteluan kokatzen da hiriaren historia kontatzen duen museoa, Bretainiako dukea zen aitak hasi eta Annek amaitu zuen eraikinean. XV. mendeko emakume aberatsaren estereotipoaz irudikatzen da Anne, on eta kulturazale, baina latzagoa izan zen bere bizitza. Frantziar inbasoreetatik lurraldea babesten ari zela hil zen Bretainiako dukea; Annek 11 urte zituen, eta dukerria ez galtzeko bi urte geroago Frantziako erregearekin ezkondu zuten. Anne Frantziako erregina bilakatu zen, baina Bretainiak independentzia betirako galdu zuen.

Anneren historiarekin batera, kolonialismoari aipamen handia egiten zitzaion erakusketan. Naoneden oso beharrezkoa da hau, esklaboen garraiorako Frantziako porturik handiena izan baitzen: salerosketak iraun zuen mende eta erdian, 495.000 pertsona beltz eraman zituzten Naonedeko enpresariek Afrikatik Ameriketako kolonietara. Ohitura handiegia dugu Europan esklabotza Estatu Batuetako gaitz gisa hartzeko, baina bada geure historiari beste begi batzuekin so egiteko ordua, eta Naonedek lehen pauso bat eman du.

Gai hauek guztiak erakusketan agertzen zirenez gero, feminismoaz, arrazaz, kolonialismoaz eta esklabotzaz ziharduten zenbait argitalpen oso erakargarri zeuden museoko dendan salgai. Horien artean Jaume Gelabertek Euskararen Egunaren harira aipatutako Ngûgî wa Thiong'o idazlearen Izpiritua dekolonizatu liburua, zeinean kikuyuz soilik aritzeko ingelesez idazteari zergatik utzi zion azaltzen duen. Liburu hori dendan ikusteak poztu ninduen; asko tristatu, ordea, halako gogoetarik bretoi hizkuntzaren inguruan ez topatzeak. Izan ere, liburu denda osoan ez zegoen ez bretoieraz idatzitako libururik, ezta bretoi kulturari buruzkorik ere, Euskal Herrian ondo ezagutzen ditugun panfleto turistiko-folklorikoak kenduta.

Horretan ere erakusketaren logikari jarraitzen zion dendak, han ere ez baitzen inon lantzen hiriaren izaera bretoia. Naoned historikoki Bretainiaren hiriburua izan da, baina frantziar estatuak, nazio-identitateak suntsitzeko burutu zuen departamenduen asmakuntzarekin, Loire-Atlantiquen ahokatu zuen bere lurralde historikotik banatuz. Ondo atera zitzaion jokaldia, egun ez baita Naoneden bretoia den ezer topatzen, gurinezko gailetak ez badira. Izan ere, museoaren diskurtsoa dukerriaren galerarekin hastean iradokitzen dena zera da: XVI. mendetik bretoiek euren izaerari uko egin diotela frantses bihurtzeko.

Afrika eta Amerikarekiko kolonialismoaren berrikuspen kritikoa beharrezkoa eta presazkoa da. Baina beldurgarria da ikustea frantziar estatuan kolonialismoari hurbilketa zein ikuspegi murritzetik egiten ari den, eta zein kaltetuta ateratzen diren, berriz ere, lurraldeko kultura gutxituak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.