Iker Tubia.
Sanferminak Iruñean. ERRESPETU INSTITUZIONALETIK

Gutxieneko errespetua

2018ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Bakarrik geratu da. Gaur pote pare bat hartu eta etxera joatekoa bazen ere, liatu egin da. Azkenean, bakarrik geratu da. Berriz ere. Ohiko tokietan begiratu du, baina ez du inor topatu; beraz, bere garaian Aitzina herriko taberna zenera jo du. Kontu handiz jaitsi ditu eskailerak, eta iluntasunean barneratu da. Ez du askorik ikusten; beraz, dantzan hasi da Aldapan gora.

Sakelan dirurik bazuenetz begiratu ondotik, argia duten betaurreko batzuk erostea erabaki du. Ez ditu berriz ere erabiliko, baina orduan ideia ona dirudi. Dantzan jarraitu du, Kolore, kolore. Barrara gerturatu da, baina zerbitzariak lepo dabiltza. Parean berdin dagoen tipo bat ikusi du; tira, berdin dagoela uste du. Bakarrik dago.

Solasean hasi dira: entzierroak gero eta aspergarriagoak direla, baso berrerabilgarriei esker antzematen dela kaleak ez daudela hain zikinak, aurten jende gutxiago dabilela... Dagoeneko ez du azkena eskatzeko beharrik, baliteke gaurkoan lagunduta etxeratzea. Baina belztu da giroa. Hainbat lagunek inguratu dute ezagutu berria, eta alde egiteko eskatu diote. «Gutxieneko errespetua zor didazue», esan die. Arazorik ez izateko, tabernatik alde egin dute biek. «Etorriko haiz etxera?», gazteak. «Ez, lana zeukaat», ezagutu berriak.

Burumakur hartu du KaleNagusia, eta doinu bat aditu du metro gutxira: Pamplonesa da. Dianek biziberritu dute gaztea. Kantuan hasi da, eta egunero errepikatzen diren doinuetan murgildu. Bat-batean, poliziak agertu dira, kaskoa buruan eta pilota eskopeta eskuan. Zur eta lur geratu da gaztea. Kasko horietako batean ezkutaturik ikusi duen bisaia ezagutu du. Gerturatu, eta hala esan dio: «Gutxieneko errespetua zor diguk».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.