Ismael Manterola
BEGIZ

Figurazioaren aldarrikapena

2020ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Isabel Bakedano eta Bixente Ameztoiren erakusketek Bilboko Arte Ederren Museoan bat egiteak garai bateko pintura figuratiboa berrikusteko beharra adierazten du. Urte asko pasatu dira pop motako figurazioak abstrakzioaren nagusitasuna puskatu zuenetik, baina badirudi figurazio mota ezberdinak edo pertsonalagoak landu zituzten artistak bidean galduta geratu zirela museoetan eta artearen historietan. Ameztoi ez zen ezezaguna Gipuzkoako arte taldeentzat: alderantziz, oso preziatua izan zela esan daiteke, baina kosta egin zaio onarpen zabalagoa lortzea. Gauza bera esan daiteke Bakedanori buruz ere: ezaguna eta estimatua zen Nafarroako artista talde batentzat, baina ez zen erraza Euskal Herriko artearen historiaren kontakizunean txertatzea.

Bion pinturak arrarotzat har ditzakegu; figurazioaren bideari jarraitzeagatik ez ziren tradizionalak; horregatik ez zen zaila haientzat merkatuan sartzea, galeria sare arruntaren bidez. Jendearen artean tokia egitea lortu bazuten, beraien berezitasunari eta egoskortasunari esker izan zela esan dezakegu. Bakedanok 1960ko hamarkadan Euskal Herrian nagusi ez zen figurazioa egiten zuenez, ez zen erosoa Euskal Eskolen Taldearentzat. Ameztoik 1970eko hamarkadaren hasieran ekin zion bideari, Gipuzkoan abstrakzioa nagusi zen garaian.

Iraganean, bai bataren bai bestearen erakusketak ikusi arren, ez da haien unea iritsi Bilboko museoak aipatzen ari garen atzera begirako zabalak antolatu arte.

Bakedanoren figurazioa zuzena da, sinplea, irudi gutxikoa, baina berezia gaietan. Itxuraz, garrantzi handirik ematen ez zaien gauzei erreparatu zien pintore nafarrak. Aldi berean, ia koadro guztietan, egonezina edo misterioa adierazten duen zerbait topatuko dugu: jendea bizkarra emanda, emakume bakar bat Iruñeko autobus geltoki zaharrean bizkarra emanda, plater eta edalontzi bakartiaz atondutako mahai zuria hondo beltz baten gainean, autoak zelai berdean oihalez estalita, irudi erlijiosoak...

Bakedanoren soiltasuna eta isiltasuna sumatuko dugu Ameztoiren lehendabiziko koadroetan. Pop artetik baino hurrago dago surrealismotik Ameztoiren lana. Ametsetan azaltzen zaizkigun irudi bikoitzak pintatzea izan zen bere asmoa; ezinezko errealitatea irudikatzea hizkuntza plastiko errealista edo hiperrealista baten bidez. Teknika zehatza eta trebetasun handikoa zuen Ameztoik, Bakedanok bezala; lehenak, baina, xehetasunetan galtzeko beharra sentitzen zuen. Pixkanaka euskal paisaia berdea ondoen irudikatu zuen artista bihurtu zen: tradizioari arreta jartzen zion, modernitatearen etorrera ezkutatu gabe. Belar berdea pintatzea gustuko zuen, artista gutxi ausartu ziren kolore bizi baina ezerosoa pintatzera, baina Ameztoik ez zion uko egin. Ia koadro guztietan euskal baserri giroko elementuren bat azaltzen da, bizitza garaikideko gauzekin elkartuta. Harridura sortzen duen objektu ezberdinen arteko elkarketak espazioaren zatiketarekin bat egiten du, eta jolas egiten du koadroaren gainazal lauaren zein sakontasunaren artean, gure begiak jolas horren konplize izateko. Jolaszaletasun horrek Ameztoiren beste ezaugarri nagusiarekin bat egiten du: umorearekin. Zalantza handirik gabe, irribarrea eragiten dute Ameztoiren asmakizun ilogikoek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.