Haizea Barcenilla
BEGIZ

Ezusteko udaberriak

2020ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
«Udaberri usaina dago», esan dit lagun batek guztiok kalera atera ahal izan dugun lehen asteburu honetan. Etxean itxita geratu ginenetik, askok ez dute udaberriaren berri izan: euren leihoetatik patio ilunak edo hirietako kale estuak besterik ez ziren ikusten; erosketak egitera irteten ziren gutxietan kale-izkinetan hazten ziren belar txarrak edo balkoietako landare urriak ziren presentzia berde bakarra. Izan ere, zenbat dira gure herri eta hirietan zuhaitz triste bat ere ez duten kaleak? Zenbat, plazak?

Eguzkia izan dugu lagun iragan asteburu honetan, eta bere izpien argitan distiratsuagoak ziruditen loreek, hosto berri berde argiek, eta ozenagoak txorien kantek. Denboraren iragatea malgutu zaigu garai honetan: lau pareten artean ordu luzeak ziruditenek, ezustean, galdutako denboraren antza hartzen zuten egutegia begiratzerakoan. «Zeinek lapurtu dit apirila», abesten zuen Sabina abeslariak irratian aurreko astean. Baina naturak, guri arretarik eskaini gabe, bere erritmoak mantendu ditu, eta hara non denbora benetan igaro den, eta etxetik irtetean indarberritutako mundu bat aurkitu dugun.

Beti izan dira naturaren adierazpenei arreta bereziz begiratu dieten artistak. Gogora etorri zait Maria Merian, lehen ilustratzaile zientifikoa. Nola behatzen zituen intsektuak eta landareak, euren garapen geldoa, gero ilustrazio ezin ederrago batean ahalik eta fase gehienak irudikatzeko. Zenbat izango ziren asteburuan lehen aldiz halako aditasunez lore eta adarrei begiratzen zietenak, inoiz ikusi ez balituzte bezala.

Gogoan ere Livia enperadorearen ninfeoa, orain dela 21 mende bere Prima Portako villan pintatzea enkargatu zuena. Lur azpiko gela hartan, Liviak lorategi bat berregin nahi izan zuen; lau paretak zuhaitz eta txori ugariz hornitu zituzten berarentzat artistek, espeziez espezie. Hegazti bakoitzaren xehetasunak, zuhaitz-hosto bakoitzean eguzkiaren ñirñira, ilusionismorik perfektuenean irudikatuta daude guztiak. Gela lasaitasuna eta biziaren elkartze zoragarria da; han ere senti daiteke denbora ez dela igarotzen.

Gelaren erabileraren inguruan bi hipotesi daude: batak dio udako berotik ihes egiteko baliatu zitekeela, lur azpian egonik freskoagoa izango zelako; hormetako pinturak kanpoko naturari uko egin behar ez izatea ekarriko zuen. Besteak kontrakoa dio: neguan erabiltzen zela, kanpoan egoteko hotzegi zenean, udaberriaren gozotasuna gogora ekarri nahian. Batean edo bestean, konfinamendu mota bat zen Liviak bertan biziko zuena ere, kanpoaldea barrura ekartzen zuen gela hartan. Eta mezu eder eta beharrezkoa bidaltzen digu: orain dela bi mila urte ere, gizakiok bagenekien zoriontsu izateko natura behar dugula.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.