Ismael Manterola
BEGIZ

Stendhal sindromea

2020ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Udazkeneko egun arrunta da Londresen; Ingalaterrako egonaldia hasi baino lehen lagun on batek grabatutako Lou Reeden Performer diskotik Perfect Day entzuten ari naiz entzungailutik National Galleryko eskailerak igo bitartean. Pixkanaka Leonardo da Vinciren Harkaitzetako Ama Birjina izeneko koadro handia nire begien aurrean azaltzen da ilargi betea mendi artetik irteten den antzera. Irudi eta musikaren arteko elkarketak momentu berezia sortzen du; artearekin tarteka sortzen diren harreman emozional horietakoa da. Esperientziari Stendhal sindromea deitu izan zitzaion XIX. mendearen literaturan. Artelanekin harreman zuzena dugunean gaixotasun antzeko zerbait geratzen omen zitzaien idazle erromantikoei. Hala ere, guztiok artelan jakin batzuekin eta momentu jakin batzuetan sumatu dugun emozioa dela iruditzen zait, nahiz eta arrazionalistagoak garenok horri esperientzia estetikoa deitu diogun.

Errealitatearen ezagupen digitala nahi eta nahi ez ia derrigorrezkoa bihurtu den garaian, norbaitek pentsa dezake ez dela artearen aurreko esperientzia zuzena aldarrikatzeko momentua. Egia da, momentuz behintzat, irudi, soinu eta hitz digitalekin konformatu beharko dugula, baina ez dut uste mundu digitalaren nagusitasuna bizi dugun behin-behineko egoeraren ezaugarri edo ondorio denik. Gaixotasuna iritsi baino lehen ohikoa zen nire ikasleen artean artelanak argazki digitalen bidez ezagutzea. Oso jende gutxik izan du inoiz museo, galeria edo erakusketa aretoko esperientzia. Agerikoa dirudi artelanaren ordez artelanen argazkiak ikusten ari direla,baina ikasleei ohartarazi behar izaten diet ezin dela artearen ezagupen zuzena irudi digitalaren bitartez ordezkatu. Kolorea, ehundura, tamaina, ñabardurak, pinturaren kasuan, espazioa arkitekturaren kasuan edo bolumena eskulturarenean, argazkien bidez sumatu besterik ezin dira egin. Zoritxarrez, arrakasta handirik ez dudala izaten onartu behar dut.

Teknologia lagungarri da bizi dugun egoeran, baina ez dut errealitatea birtualitatearen bidez ordezkatu nahi, ez artean, ezta bizitzaren beste alorretan ere. Besarkatzea edo muxu ematea ezin da jarrera horien argazkien bitartez ordezkatu, eta artearekin izaten dugun harremana ere ezin da irudi baten bidez ordezkatu. Kutsatzeko beldurra hezurretaraino sartuta dugun garaiotan, ez da erraza esperientzia zuzena eta errealitate gordina aldarrikatzea, baina bizitzea hori da: arriskua eta ezegonkortasuna, ezjakintasuna eta etengabeko ikasketa. Horregatik, museoak eta erakusketa aretoak zabaltzen dituztenerako prest egon behar dugu, atean ilara egiten, supermerkatuan egiten dugun modura. Irrikatan egongo gara gure munduaren ezagupena zabalduko diguten artelanak ikusteko, nahiz eta gure burua Stendhalen sindromeaz kutsatzeko arriskuan jarri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.