Haizea Barcenilla
BEGIZ

Eskubideen zozketa

2020ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Azken egunotan kulturgileen diru-laguntzen berri izan dugu behingoz. COVID-19aren krisia hasi eta bi hilera Jaurlaritzako Kultura Sailak diru-laguntza bereziak aurkeztu ditu; izan ere, kultur sortzaileen egoera profesionala hain da prekarioa, legislazioa euren lanaren inguruan hain pobrea, ezen gehienek ez duten kultur lanarengatik langabezia jasotzeko eskubiderik. Aspaldi salatutako egoerak krak egin du eta bat-batean, sortzaile asko ezer gabe daude.

Haatik, hain funtsezkoa den diru-laguntzak zalantzak piztu ditu. Adibidez, ez da beste diru-laguntzekin bateragarria. Hortaz, orain hiru mila euro gehienez jasotzearen edo hemendik hilabete batzuetara sorkuntzarako bekak, lanean jarduteko baliatu ohi dituztenak, eskatzearen artean hautatu behar dute artistek. Orain bizi iraun, edo orain edonola aurrera egin geroago bizi irauteko?

Baina haserrerik handiena laguntzak zozketatuko direla jakiteak piztu du. Esleitutako dirua baino laguntza gehiago eskatuko direla aurreikusita, eskari bakoitzari zenbaki bat emango zaio; epea ixtean zozketa egingo da zenbaki bat hautatzeko, eta hortik hasiko dira banatzen, dirua amaitu arte.

Historian badira botere banaketa justua bilatzeko zozketa erabili duten ereduak. Greziako demokrazia zuzenean kargu publiko gehienak zozketatzen ziren; honela saihesten zen inork boterea bere onurarako bilatzea, edo botereari luzeegi eustea. Gaur egun badira ordezkaritzan oinarritutako demokraziaren kalitatea hobetzeko zozketa bidezko asanbladak defendatzen dituzten plataformak, eta esperimentuak egin izan dira zenbait herritan, Irlandan adibidez.

Badira , ordea, sistemaren zuloak ezkutatzeko zozketa erabiltzearen ereduak ere. Etxebizitzen gaineko espekulazioaren loraldia izan zenean, etxeen prezioak mugatzeko bideak bilatu beharrean, zenbait etxe zozketatzen hasi ziren instituzioak. Zozketa horien bitartez hainbat biztanle pozik utzi, beste batzuk itxaropentsu mantendu, eta errealitate krudela baieztatzen zen: ez zela denontzat etxebizitza duin eta eskuragarririk egongo, eta gobernuek ontzat ematen zutela premia biziko ondasunekin espekulatzea. Biztanleak bi taldetan banatzen zituzten, zortea izandakoak eta izan ez zutenak, eta gutxik galdetzen zioten euren buruari zergatik egon behar zen aterpea izateko eskubidea zoriaren menpe, eta ez instituzioen betebeharren esku.

Azken multzo honetan sartzen da kulturgileen diru-laguntzena. Zoriak ezin ditu eskubideak ordezkatu. Pentsa dezagun zelako herri mugimendua altxatuko litzatekeen ostalaritza edo industriako langileen langabezia zoriz eta batzuei bakarrik aitortuko balitzaie. Langabezia eskubide izatetik, loteria izatera pasatuko balitz. Bada, kulturgileak langileak dira eta eskubideak dituzte. Bada gogoratzeko garaia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.