Quincocesek eta Martinez de Albornozek irabazi dute Euskal Herriko Txapelketa

Euskal Herriko eta Espainiako lehiak jokatu dira asteburuan, Candanchun. Euskal selekzioak bigarren postua lortu du taldeka
Euskal selekzioko kideak, lehiaketa bukatu eta gero.
Euskal selekzioko kideak, lehiaketa bukatu eta gero. BERRIA

Unai Ugartemendia -

2018ko otsailak 6
Mendi eskiko denboraldiak aurrera jarraitzen du. Egutegiko lehen lasterketak jokoan jarri ziren urtarrilean, eta, otsaila hastearekin batera, urteroko txapelketak ere jokoan jarri dituzte. Eguraldia ez zuten lagun izan Candanchun (Aragoi, Espainia) Mendiko Eskiko Euskal Herriko Txapelketan. Hara joanak ziren eskiatzaileek gorriak eta bi ikusi zituzten ibilbidea osatzeko. Euskal Herriko Txapelketarekin batera, proba berean (Causiat Extreme) Espainiakoa ere jokoan zen. Euskal Herrikoan ez zen ezustekorik izan: Nahia Quincocesek eta Iñigo Martinez de Albornozek irabazi zuten, argi eta garbi. Erraz gailendu ziren biak ere.

Azken bi urteetako amesgaiztoak ahaztuta, indartsu dabil azkenaldian Nahia Quincoces. Beste behin, argi utzi zuen gaur egun ia ez duela aurkaririk mendiko eskian. Hogeita bost minutu baino gehiago atera zizkien helmugan Maite Maiora mendaroarrari eta Igone Campos zumarragarrari. Espainiako Txapelketan, berriz, bigarren postuan amaitu zuen, Mireia Miroren atzetik.

Gizonezkoetan, Iñigo Martinez de Albornoz gaztea ere nahiko aise gailendu zen. Azken urteetan izan duen hobekuntza nabaria izan dela argi utzi zuen hasieratik. Atzetik Pablo Oderiz izan zuen, hurrengo urteetan —gauzak asko okertzen ez bazaizkio, behintzat— azken sailkapenean aurkari gogorra izango duena. Bost minuturen tartea izan zuten helmugan. Martinez de Albornozengandik hamar minutura Iñigo Alzelai sartu zen. Lehenengo biak Espainiako sailkapen orokorrean zortzigarren eta hamabigarren sailkatu ziren, hurrenez hurren. Garailea Oriol Cardona kataluniarra izan zen.

Euskal Herriko eta Espainiako txapelketak amaitu eta gero, pozik zegoen Iñigo Lariz euskal selekzioko hautatzailea, bai emaitzengatik, baina baita antolakuntzagatik ere: «Lasterketa bikaina eta antolakuntza ikaragarria ikusi ditugu Candanchun. Larunbatean zegoen eguraldiarekin, oso ibilbide alpinoa eta teknikoa egin zuten, parte hartzaileen segurtasuna bermatuta».

Kirol arloan, Quincocesen bigarren postua eta Martinez de Albornozen itzulera nabarmendu zituen. Baita, jakina, euskal selekzioak taldeka lortutako bigarren postua ere.

Bandres-Karolo

Bi aste barru, Izaban (Nafarroan) jokatuko da Bandres-Karoloren oroimenezkoa. 150 eskiatzaile inguru espero dituzte antolatzaileek. Bi eguneko jaia izango da, otsailaren 17an eta 18an: kronoigoera batean, eta ohiko lasterketa bestean. Lehiaz gain, ohi bezala, festa ere antolatu dute.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna