BERRIA aplikazioarekin, beti harian

BERRIAk aplikazio oso, moderno eta bizia garatu du, BERRIAren eduki guztiak era errazean irakurlearen eskura jartzeko, beti eta edonon harian izan dadin. Aplikazio berria Google Play eta Apple Store dendetan eskuragarri dago

BERRIA.
Pello Urzelai.
2016ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Telefonoa gero eta gailu garrantzitsuagoa da eguneroko bizimoduan, baita informatzeko orduan ere. Horregatik, telefono eta tabletarako aplikazio berri bat garatu du BERRIAk, edonoiz eta edonon informazioaren hariari helduta egoteko. Aplikazio berri horrekin, informatuta egoteko telefonoak bereganatu duen garrantziaren erronkari erantzun nahi izan dio BERRIAk, orain arteko eskaintza osatuz. Denborarekin hobetzeko eta eguneratzeko borondatearekin kaleratu da aplikazioa. Beraz, eguneraketak aurreikusita daude, doiketak eta hobekuntzak egiteko, eta atal eta funtzionaltasun berriak gehitzeko. Aplikazio bizi bat izango da.

Euskarazko informazioaren munduan erreferentziala izan nahi du Berria aplikazioak. Nazioarteko hedabideen pareko eskaintza teknologikoa jarri du euskaldunen eskura, euskaraz ongi informatuta egotea erraza eta erosoa izan dadin. BERRIAren eskaintza informatibo osoa bideratzen du aplikazio berriak, era moderno, aurreratu, erabilgarri eta erakargarri batez.

Azken ordua zein sakontasuna, alertak zein hemeroteka, testuak zein bideoak, iritzi artikuluak zein erreportajeak, zintak zein argazki bildumak... denetarik eskaintzen du. Telefonoan pentsatutako, diseinatutako eta era natiboan garatutako aplikazio bat denez, irakurlearen erabiltze esperentzia oso atsegina da.

Bi sistema operatibo nagusitan garatuta dago, Androiden eta iOSen, eta eskuragarri dago Google Play eta Apple Store dendetan. iOSen kasuan, aplikazio berriak 2013tik dagoena ordezkatuko du, eta bertsio zaharra instalatuta daukaten erabiltzaileek eguneratu baino ez dute egin beharko aplikazio berriaz gozatzeko.

Beti harian

Informazioaren alorrean, azkar jakiteak balio handia du. Horregatik, Berria aplikazioak push jakinarazpenak edo alertak eskaintzen ditu, irakurleak gertaera garrantzitsuen berri azkar eta era erosoan izan dezan. Mota horretako alertak erabiltzaileak nahi badu bakarrik jasoko ditu, eta edozein unetan ezgaitu ditzake, eta berriro gaitu.

Aplikazioaren egitura sinplea da, BERRIAk sortzen dituen eduki guztiak era erraz batean erabiltzailearen esku jartzeko asmoz. Horretarako, hasierako pantailak eguneko edukien sintesi bat eskaintzen du —albiste garrantzitsuak eta atal bakoitzeko aukeraketa—. Gainerako edukiak eskuratzeko bi menu diseinatu dira: batetik, menu nagusia eduki informatiboetarako, eta, bestetik, bigarren menua, BERRIAren komunitatearekin lotutako ataletarako. Menu informatiboan, edukiak ohiko sailetan —Politika, Gizartea, Ekonomia, Iritzia...— antolatzen dira, baina bi atal berri gehitu dira edukiak beste ikuspegi batetik ikusteko. Alde batetik, Gehien irakurriak atalean, azken orduetan gehien irakurri diren hogei artikuluak bistaratzen dira. Bestetik, Berrienak atalean, argitaratze dataren arabera antolatutako artikuluak erakusten dira.

Diseinuaren ezaugarriak

Ikusgarritasuna, sinpletasuna eta argitasuna landu dira diseinu eraginkor eta atsegina eskaintzeko. Lehen begirada bisuala izatea lehenetsi da: bai hasierako pantaila nagusian, bai sailen hasierako pantailetan. Irudiaren eta titulu soilaren arteko uztarketa da diseinuaren ardatza. Testuak erosotasunez irakurtzea ahalbidetzeko landu da tipografia. Halaber, testuaren letraren neurria doitu daikete norberaren gustura.

Artikuluetan, nabigatzeko bi aukera garatu dira. Batetik, ezker-eskuin keinuaren bidez orriz orri, hau da, artikuluz artikulu nabiga daiteke. Bestetik, artikulu bakoitzaren behekaldean sail bereko gainerako artikuluei dagokien titulua eta irudia bistaratzen dira, eta scroll horizontala eginez gainbegira daitezke, irakurri nahi dena aukeratzeko.

Argazkiek, argazki bildumek, bideoek eta marrazkigileen zintek lanketa berezia izan dute. Artikuluetako argazkiak zehatz-mehatz ikus daitezke, haien gainean zooma egin daiteke, eta, telefonoaren posizioa horizontalean jarrita, pantaila osoan ikus daitezke. Argazki bildumak hainbat eratara bistaratzen dira aplikazioan: mosaikoan, eskuz banan-banan eta jarraian automatikoki. Bideoak pantaila osoan ikus daitezke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.