Sortzetik klasiko izan dena

Lertxundiren 'Otto Pette' aztertuko dute, gaurtik etzi bitarte, Bilbo Zaharra euskaltegiaren Forumean. Ekainaren 6an, eleberriaren irakurketa jarraitua egingo dute

Ainhoa Larrabe Arnaiz.
2019ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Klasiko bihurtzeko bidean doa udaberriro Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatutako Literatur Klasikoen Irakurraldia. Hamabigarren aldia dute aurtengoa, eta Anjel Lertxundi idazlearen Otto Pette (1994) eleberria irakurriko dute 400 ahots inguruk, ekainaren 6an, Bilboko Arriaga antzokian. 25 urte bete dira Lertxundiren obra kaleratu zela; eta, Pedro Alberdi Bilbo Zaharra euskaltegiaren arduradunaren hitzetan, nobela lantzeko «aitzakia» izan da urtemuga. Motorrak berotzeko, baina, hainbat ekitaldi egingo dituzte gaurtik etzi bitarte, Bilbon Euskaltzaindiak duen egoitzan. Lertxundiren nobela gaur egunera ekartzea da jardunaldien helburua, Alberdiren arabera. «25 urte denbora asko da. Are gehiago gaur egun daramagun abiadura aintzat hartuta. Irakurketaz harago, eleberriaren lanketa pausatuagoa egin nahi genuen horregatik».

Besteak beste, Lertxundiren eleberriak euskal literaturari egindako ekarpenaz gogoetatzea dute helburu gaur hasiko diren ekitaldiek. «Irakurketa hutsa egiteaz harago, edukiak ere aztertu nahi genituen». Ez da urteurrenaren harira egindako jarduera bakarra izan, ordea. Hala azpimarratu du Alberdik: Otto Pette eleberriak mende laurdena betetzen zuela eta, edizio gaurkotua kaleratu zuen joan den urrian Alberdaniak, duela 25 urteko lehen alea kaleratu zuen argitaletxe berak. Edizio gaurkotu hori izango da, hain zuzen, Bilbo Zaharra euskaltegiko ikasleek landu eta ahoz gora irakurriko dutena.

Lau hilabete falta dira horretarako, eta giroa berotuko dute datozen egunetan. Euskaltzaindiaren mendeurrenaren harira Bernardo Atxaga idazleak eta Jose Kruz Gurrutxagak aktoreak sortutako Hitzaldia euskal literatura zaharrari buruz Martuteneko kartzelan irakurraldi dramatizatuarekin hasiko dute ekitaldi sorta. Gaur egingo dute emanaldia. Bihar eta etzi, berriz, euskal idazleen solasaldiak izango dira.

'Otto Pette' obraren ertzak

Itxaro Borda idazlea emakumeek Lertxundiren obran duten presentziaz jardungo da Hiru emazte, gizon mundu batean izeneko solasaldian. «25 urte hauetan apenas entzun den ezer liburuan azaltzen diren pertsonaia femeninoei buruz. Hiru andre daude istorioan, eta indar handia dute, gainera», azaldu du Alberdik. «Idazleak berak aitortu izan du emakumeengan gutxi erreparatu dela bere lanaren azterketak egin direnean».

Juan Garzia idazle eta itzultzailea izango da Bordarekin batera, eta Otto Pette eleberriaren sorkuntza prozesuari buruz jardungo da, besteak beste. Garziaren Itzalen itzal (1994) eleberria izan zen Alberdania argitaletxeak argitaratutako lehen liburua, eta hirugarrena izan zen Lertxundirena. «Sorreran bazegoen taldetxo bat: Inazio Mujika, Jorge Gimenez... Otto Pette-ren idazketa prozesua oso gertutik jarraitu zuten denek». Tartean zen Gartzia ere. «Liburua kaleratu zenean, 'Biharko klasiko bat' esaldia zeraman tira bat gehitu zitzaion liburuari; eta, gerora aitortu zuenez, Garziak berak proposatutako esana izan zen». Ordukoak ekarriko ditu gogora Otto Pette: irudimen orojalea solasaldian.

Danele Sarriugarte eta Juanjo Olasagarre idazleak izango dira ostegunean. «Aurreko aldietan bezala, gaur egun aktiboan dauden idazleak ekartzen saiatzen gara: orain publikatzen ari direnak, alegia». Alberdik azpimarratu duenez, Lertxundiren liburuak beraiengan izan zuen eragina aztertuko dute biek ala biek. «Bereziki, interesgarria egiten zaigu belaunaldi berriagoen iritzia eta ikuspegia». Otto Pette, tresna-kutxa izeneko hitzaldia egingo du Sarriugartek; eta, Otto Pette Trumpen garaian goiburua aukeratu du Olasagarrek bere hitzaldirako.

HITZALDIAK

Gaur. Bernardo Atxaga idazlearen eta Juan Kruz Gurrutxagaren irakurraldi dramatizatua.

Bihar. Itxaro Borda eta Juan Garzia idazleak.

Etzi. Danele Sarriugarte eta Juanjo Olasagarre idazleak.

Hiru saioak 19:00etan egingo dira, Bilboko Plaza Barrian, Euskal- tzaindiaren egoitzan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.