Haizea Barcenilla
BEGIZ

Artea eta bortizkeria

2020ko urriaren 27a
00:00
Entzun

Abisua: irakurtzen jarraitu aurretik, bilatu Gauguinen Manao Tupapau lanaren irudi bat. Gustuko baduzu eta orain arte bezala gozatzen jarraitu nahi baduzu, utzi irakurtzeari.

Ez da sekula sekretu bat izan Gauguin misoginoa eta biolentoa zela. XIX. mendeko gizon askok bezala, emakumeak subjektu gisa hartu beharrean, berari plazera emateko objektutzat hartzen zituen; bortizki tratatzen zituen, bere emaztea Mette horren froga izan zelarik. Horrez gain, emakume larri gazteak gustatzen zitzaizkion, eta bere desirak Tahitin asebete zituen: bertako ohiturak baliatuz, 44 urte zituela Tehura izeneko 13 urteko neska batekin ezkondu zen. Bera da Manao Tupapau pinturan agertzen dena.

Jenioak goraipatzean oinarritzen den artearen historiografiak elementu hauei guztiei pisua kendu die, saihetsezintzat joz: jenio sortzailearen izaera sutsuari atxiki dizkio. Gizontasun kontrolaezinaren emankortasun artistikoaren albo-kalteak. Baina azken urteotako ikerketa feministek eta poskolonialistek, Gauguinen ekarpen artistikoa baztertu gabe, pintatu zituen zenbait irudiren gogortasuna ahaztu ezin dugula aldarrikatu dute.

Horien artean Manao Tupapau dago. Pozik hartu izan zuten jenioaren goresleek Gauguinen bertsioa: Tehuraren izua iluntasunean bakarrik geratzean piztutako izpirituen beldurrak eragiten zuela. Nancy Mowll Mathews historialariak, beste askoren artean, nahiko argi utzi du, ordea, Gauguin bera eta bere nahi sexualak zirela ziur aski Tehura beldurtzen zutenak. Artistak urte bat lehenago margotutako Birjintasunaren galera-ko emakumearen gorputzaren postura eta Tehurarena alderatzea besterik ez dago tesi honen sendotasunaz jabetzeko.

Aurreko asteko klasean, Gauguinen eta primitibismoaren arteko lotura azaldu behar nien, bere pisu misogino eta kolonialista barne, eta Manao Tupapau-ren historia kontatu nien. Nire asmoa konplexutasuna lantzea zen: hizkuntza plastiko berritzailea da, baina garaiko misoginia ere adierazten du; primitibismoaren ikuspegi kolonialista islatzen du, eta, aldi berean, pinturaren hizkuntza propio bat bilatzen du. Guztia gertatzen da aldi berean.

Ez nuen lortu. Tehuraren beldurraren natura ulertzean, ikasleen begietan nabaritu nuen irudia betiko aldatu zela, eta ezinezkoa zitzaiela beste edozein irakurketa formal edo historiko egitea. Ez nintzen neure buruarekin pozik geratu. Gauguinen giza kalitatea oso baxua da, eta ez dut nik hori ezkutatuko. Baina bere lanek gure historian leku bat izan dute, bere garaiaren eta artearen ikuspegiari buruz asko (ez guztia ona) esaten digute, eta ez diot irakurketa konplexuago horri uko egin nahi. Baina nola ekin elkarrizketa horri, nola kudeatu kontraesana? Nola gainditu mina? Galdera asko, eta erantzunik ez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.