Ismael Manterola
BEGIZ

Konplize gutxi

2020ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
«Euskaldun izatea ezer bada, konplize izatea da». Ander Ezeiza Barakaldoko Euskaraldiko koordinatzaileak esan omen zuen Euskadi Irratiko Faktoria saioan, Goizalde Landabasok Konplizeak izeneko artikuluan aipatzen duenaren arabera. Ados nago egun hauetan paparrean daramagun txapak zerbaitetarako balio badu konplize izate hori adierazteko dela esaten denean.

Zoritxarrez, konplize gutxi topatzen ditut arte munduan Euskaraldiak irauten duen bitartean, eta, zer esanik ez, urteko beste edozein sasoitan.

Lehenik eta behin, konplize gutxi dauzkat artearen hezkuntza sisteman. Harrigarria bada ere, konplize gehiago sumatzen ditut erakundeetako edozein langileren artean (irakasle, atezain, idazkari) ikasleen artean baino. Zer espero dezakegu euskararen militantziari uko egin dion ikasle mugimenduarengandik? Hala ere, erakundeen goi mailetatik ikasleei ematen zaizkien ereduek ez dute asko laguntzen, errektore izateko hautagaiak euskaraz egindako galderei gaztelaniaz erantzuten badie edo euskara menperatzea ez bada beharrezkoa unibertsitateko buru izateko.

Gainera, ez dut konplize askorik topatzen museoetan, arte zentroetan edo galerietan. Zenbat museo zuzendarirekin hitz egin dezakegu euskaraz? Zenbat ekitaldi daude museo handietan euskaraz? Zenbat argitalpen egiten dira euskaraz edo bi hizkuntza ofizialetan? Zer hizkuntzatan egiten da lan museotan? Kolaborazio eskaerak egiten direnean, zergatik aurreikusten da gaztelaniaz izango direla? Arte galerien paisaian, zergatik da hain zaila euskaraz zerbait ikustea edo irakurtzea?

Sortzaileen artean ere ez dut konplize askorik topatzen. Zergatik hitz egiten du artista euskaldun batek gaztelaniaz jendearen aurrean? Zergatik idazten dute artista euskaldunek gaztelaniaz? Zergatik idazten dituzte artista euskaldunek txostenak gaztelaniaz lehiaketetara aurkeztu edo diru laguntzak eskatu behar dituztenean? Zergatik da hain zaila, ezinezkoa ez esateagatik, erakusketaren urrats guztiak euskaraz egitea?

Azkenik, artearen hedapenean edo kritikan ere konplize gutxi topatzen ditut; badaude, baina gutxi. Artikulu hau argitaratzen den orria kenduta, zergatik da hain zaila euskaraz idatzitako (eta ez itzulitako) arteari buruzko kritika edo katalogoko testuak aurkitzea? Zergatik dira ikusezinak arteari buruz euskaraz idazten duen jendearen testuak? Zergatik da serioa eta akademikoa gaztelaniaz idaztea eta ez euskaraz?

Ikusten denez, Euskaraldiak baino zerbait gehiago beharko dira artearen munduan euskarak behar bezalako presentzia izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.