Haizea Barcenilla
BEGIZ

Ditxosozko estrategiak

2022ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Datozen garaiak ez dira errazak izango kulturarentzat. Atzeraldiak beti jotzen dio gogor kulturari: publikoak oinarrizko beharretara bideratzen du balioa galtzen doan bere dirua, eta, ondorioz, kultur produktu gutxiago erosi eta emanaldi gutxiagotara joaten da; instituzioek diru gutxiago biltzen dute, eta, ondorioz, kultur erakunde eta elkarteei bideratzen dieten kopurua ere murrizten da.

Salbuespen batekin: eraikuntza proiektu erraldoi eta garesti bat esku artean duten erakundeek horrekin aurrera jarraitu ahalko dute. Gainera, behin eraikitzen hasita, diru aldetik gutun zuria dute. Beste hitz batzuekin, baina hori da azken egunotan jakin den berriak esaten diguna, Bilboko Arte Ederren Museoaren zabalkuntza 23 milioi kostatzetik 29,5 kostatzera pasatu dela kontatu baitigu. Gainera, egunkari gehienek esan ez duten arren, hau ez da aurrekontuaren lehen igoera. 2019an, lehiaketa irabazitako Fosterren proiektua aurkeztu zenean, 18,6 milioikoa zen aurrekontua. Horrez gain, aurrekontu berriak ez du erregaien, elektrizitatearen zein lehengaien prezioaren igoera kontuan hartu. Beraz, ez litzateke harritzekoa azken kostua hasieran aurkeztu zitzaigunaren bikoitza balitz.

Zer gertatuko litzateke Jaurlaritzak ematen dituen 8.000 euroko ekoizpenerako beka bat jaso duen artistak erakundeari hasierako kalkuluak gaizki egin eta 5.000 euro gehiago behar dituela esango balio? Spoiler: bere poltsikotik jarri beharko lituzke.

Enpresari buruz ez dakit gehiegi, baina ziur nago CAFeko ingeniari batek modelo berri baten aurrekontua maila honetan erratuko balu, bere lana galduko zukeela. Eta auskalo epaitegian amaituko ez ote zuen.

Baina Euskal Erkidegoan azken urteotan zerbait ikasi badugu, zera da: atzerritar soinua duen izen bat topatzen baduzu zure kultur eraikina egiteko, nahi duzuna gastatu dezakezu. Kulturari zuzendutako dirua bakarrik baita baliozkoa adreilua edo turismoa elikatzen dituenean. Edozein gastu txikia da Bilbo mapan jartzeaz ari bagara (mapa mutu bat omen da euskal kudeatzaileek darabiltena).

Bitartean, Berdintasun Legea aldatu da, eta museo publikoei erakusketa zein bildumetan emakumeen presentzia berdintzailea izan dezatela eskatzen hasiko zaie (legea argitaratu zenetik hamazazpi urtera; ez da marka txarra). Arte Ederren Museoak azken 25 urteetan egin dituen banakako erakusketen %3,5 eskaini dizkie emakumeei. Lan apurtxo bat izango dute gutxieneko %40ra iristeko. Nire zalantza da zenbat diru dedikatuko dioten honi. Eraikuntzara bideratutako hamaika milioi estra horien papurretara iritsiko ote den. Baina badakizue: proiektu estrategikoak. Sekula ez da argi esaten, ordea, ditxosozko estrategien bitartez lortu nahi dena zer den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.