Ismael Manterola
BEGIZ

Erakusketen ardura

2018ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Gehiegi gustatzen ez zaidan profesioaren defentsa egitera behartu dut neure burua, azken boladako gertakizunen aurrean. Alde batetik, Miguel Zugazari, Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendariari, egunkari honek egindako elkarrizketan, harritu ninduen zerbait irakurri nuen. Ados nago Zugazarekin Arte Ederren museoa ezin dela artearen historia egitera mugatu, hori beste erakunde batzuekin elkarlanean egin beharko luke. Baina, elkarrizketaren hasieran, eta zabaldu berri duten ABC Bilboko Museoaren Alfabetoa izeneko erakusketaren harira, zera dio: «Ez dago artearen historia irakurketa unibokoa edo zentzu bakarrekoa, eta bide hori hartu dugu: formula ezberdinak planteatu ditugu, Bilboko Arte Ederren Museoaren bilduma ikusleriari zabaltzeko». Esaldi horrek harritu nau, hasierarekin ados egon arren: ez dago artearen historia bakarra, baina ez dut uste idazle batek museoaren bilduma alfabetoaren arabera antolatzeak arte historia egitea denik. ABC erakusketak museoko bilduma modu berezi batean antolatu du, ez du artearen historia egiten eta ez dut uste hori izan denik Kirmen Uriberen asmoa, edo hala pentsatu nahi dut behintzat, batez ere, ez delako arte historialaria.

Oso ondo iruditzen zait Bilboko Museoa joko horietan sartzea, zegoen lozorrotik ateratzeko formula izan daiteke. Arte bilduma ikuskizun bihurtzea edo jendea erakartzeko prestidigitadore lanak norbaiti eskatzea ez dago gaizki, baina hori ezin da arte historiaren irakurketa moduan saldu. «[Jorge] Oteiza eta [Bartolome Esteban] Murillo areto berean jarri ditugu, eta ez dakizue zein ondo moldatzen diren» moduko esaldiak ez dira arte historialarienak, kanpotik bilduma ikusi eta landu behar izan duen pertsona batenak baizik.

Azpimarratu behar dut ez dudala ezer formula horien kontra, zorroztasun zientifikoa erabiltzen duen besteekin batera tartekatzen badira, batez ere. Denok dakigu museoek sufritzen duten presioa errentagarritasun soziala justifikatu ahal izateko, baina denak bere tokia du. Arte historia ikasten den zerbait da. Unibertsitatean egiten diren ikasketak dira, historiaren adar bat da, bere helburu, metodologia eta edozein gizarte zientzien emaitzekin.

Hau guztia azken garaian komisariotzarekin gertatzen denarekin lotuta dagoela iruditzen zait. Erakusketa bat antolatzea edozeinen esku uztera ohitzen ari gara, jardun profesionala dela ahaztuta. Ez dut korporatibismoan erori nahi, baina horri buruzko masterra edo ikasketa bereziak egin dituenak tonto aurpegiarekin irakurriko ditu azken garaian erakusketen ardura edozeinen esku uztearen berriak. Ondo dago artea ikuspegi ezberdinen bitartez begiratzea, baina horrela saltzen bada bakarrik. Bestela, tertuliano efektua lortuko dugu erakusketetan ere; hau da, edozein da gai arte erakusketak antolatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.