Ismael Manterola
BEGIZ

Errelatoa

2019ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Azken boladan asko erabilitako hitza da errelatoarena. Orokorrean, gertatutakoaren kontakizuna adierazteko erabili izan da, nahiz eta interes talde baten arabera kontatutako bertsioa esan nahi duen.

Harrituta irakurri nituen Bremen hiriko Kunsthalle arte museoaren erakusketaren aurkezpenaren harira Bilboko Guggenheim museoaren zuzendariak esandakoak. Badirudi New Yorkeko frankizia bere historiaren errelatoa eraikitzen hasi dela, eta, beste esparru batzuetan ohituta gauden bezala, kultur alorrean ere disidentzia guztiak aurrerapenaren kontrako ekintza moduan aurkezteko gogoa dagoela. Hain zuzen, Bilboko Guggenheim museoaren zuzendariaren arabera, Bremen hiriko museoa eta Bilbokoa lotzen dituen gertakizunen artean, bi hirietako biztanle talde batek etorkizun modernoa ikusteko zailtasuna egongo litzateke. Bremengo museoak Van Gogh artistaren artelan bat erosteak eragin zuen polemika eta Bilboko Guggenheim proiektuaren kontrako mugimenduak parean jarri zituen. Hurrengo urteetako artearen ibilbideak egiaztatu zuen moduan, Van Goghen lan bat erostearen kontrako jarrerak oker zeuden, gaur egun Bremen hiriko museoaren bildumako altxorra delako. Guggenheimeko arduradunen arabera, Bilboko museoaren kontrako jarrerak oker zeuden, gaur egun museoak izan duen ageriko arrakasta kontuan izanda.

Bi gertaerak parekatzeko momentuan, batzuen «ikuspegi ireki eta zabalagoa» eskertu behar omen dugu, zuzendariaren hitzetan, oso ondo azaldu gabe zergatik den irekiagoa eta zabalagoa Bilbon Guggenheim museo bat edukitzea. Nik ere nire errelatoa botatzeko eskubidea badut, esango nuke Guggenheim museoaren proiektuaren kontrako iritziak ez zirela arte garaikidearen kontrakoak; alderantziz, arte garaikideko museo baten aldeko iritziak ziren. Horregatik, Guggenheim proiektuaren kontra egon ginenak ez ginen atzerakoiak eta «ikuspegi itxikoak», Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko dirutza izugarria erabili arren, artearekin harreman gutxi zuen proiektu baten kontrakoak baizik. Ezin dugu ahaztu gaur egun oraindik ez dugula ezagutzen Jaurlaritzak eta Guggenheim enpresak sinatutako akordioa, nahiz eta orain dela urte gutxi berritu. Ez al da ezkutatzeko zerbait duena ikuspegi itxikoa eta estukoa?

Badirudi arrakasta turistikoak eta mediatikoak beste guztia estaltzeko balio izan duela, baina gaur egun, oraindik ere, argiekin batera itzal ugari daude Bilboko museoaren proiektuan, azken urteetan hasierako akats eta joera asko zuzendu badira ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.