Ismael Manterola
BEGIZ

Lygia Clark

2020ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Uste dut Kasseleko 1997ko X. Documentan ezagutu nuela Lygia Clark artista brasildarraren lana. Estalitako betaurreko itxura zuten eskulturak harrigarriak iruditu zitzaizkidan. Hala ere, mundu mailan ezaguna izan arren, bi eragozpen izan ditu artistak jendearen artean ezagunago bihurtzeko: brasildarra izatea eta emakumea izatea; sarritan elkartzen diren bi oztopo.

Orain etxean (edo etxetik metro gutxira, behintzat) Lygia Clarken erakusketa ederra ikusteko aukera daukagu. Hain zuzen, Bilboko Guggenheim museoak Lygia Clark; Pintura eremu esperimental gisa, 1948-1958 izeneko erakusketa antolatu du. Ez da erakusketa handia, ez da erakusketa ikusgarria, ni bezalako artearen frikientzat izango dela pentsa dezake norbaitek, eta hala da. Artea interesatzen zaion jendearentzat egoki eta txukun antolatutako erakusketa dela esango nuke, eta aldi berean pinturaz gozatu nahi duen edozeinentzat jarritako erakusketa dela esan behar dut.

Lygia Clark (Belo Horizonte, Brasil, 1920 - Rio de Janeiro, 1998) eskultore eta arte kontzeptualaren jarraitzaile gisa gehiago ezagutzen nuen, eta horregatik artean emandako lehen urteak ezagutzea oso gustuko ariketa izan da. Pintura izan zen arte munduan emandako lehen urratsa, Guggenheimeko erakusketak ondo azaltzen duen moduan. Bigarren Mundu Gerratik irten eta ondorengo lehen urteak zailak izan ziren arterako, baina agian garai hartan hirugarren mundua izendatzen zuten herrialdeetan bizi ziren artistei aukera zabaldu zitzaien suntsitutako Europari aurrea hartzeko. Gerra aurreko abangoardiak berrikusteko aukera paregabea izan zuten Parisera iritsi ziren artista ia guztientzat zabaldu zen aukera hori, Lygia Clark barne.

Kubismoari begira egindako saiakerek arte analitikoaren bidea zabaldu zioten Clark gazteari, aldi batean figurazioaren eta abstrakzio geometrikoaren artean ibili bazen ere. Horri bere herrialdeko jatorrizko artearen kolore eta formak gehitu behar dizkiogu, hirugarren mundu hartatik lehenbizikora iritsitako artistek ez baitzituzten erroak galdu nahi izan.

Eragin hauekin guztiekin, Lygia Clarkek berezko bidea egin zuen, 50eko hamarkadako lanetan sumatu dugunaren arabera, eta artistak berak emandako hitzaldietan aldarrikatzen zuen modura. Pintura «eremu esperimental» gisa ulertzen zuela esan zuen urte haietan sortzaileak; gure artean bizi zen Jorge Oteizak «egitasmo esperimentala» izena jarri zion eskultura ikerketari, eta ez dut uste kasualitatea denik Sao Pauloko bienalean saria irabazi izana, 1957an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.