Zetazeoen hil ondorengo bizia

Sopelako hondartzan agertu da Euskal Herrian azkenengoz ikusi den balea. Haren gorpuarekin zer egin erabaki behar da halako kasuetan. Zetazeoen kasuan, erakunde publikoen esku gelditzen da erabakia. Erraustu, lurperatu, museo pieza bihurtu... badira zenbait aukera.
Sopelako Atxabiribil hondartzan agertutako balea garabiarekin jasotzen.
Sopelako Atxabiribil hondartzan agertutako balea garabiarekin jasotzen. LUIS TEJIDO / EFE

Uxue Gutierrez Lorenzo. Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria -

2019ko otsailak 12
Lurperatu, erraustu, ikerkuntzarako erabili edo museo batean erakutsi, adibidez. Hil ostean, gizakiek erabakitzen dute zer egin itsasertzean hilik agertzen diren zetazeoekin. Ugaztunak diren arren, ura dute berezko eremu; beraz, gainazal solidoa ukitzen dutenean hasten dira arazoak. Hondarreratzea esaten zaio horri, eta kasu horietan, zenbait dira lurra jo eta berehala bizia galtzen duten animaliak. Orduantxe hasten da gizakien esku hartzea.

Euskal Herriko kostaldean, azkenaldian, hainbat kasu kudeatu behar izan dituzte instituzio publikoek eta horretan diharduten elkarte pribatuek. Sopelan (Bizkaia) agertutako azken balea har daiteke adibidetzat. Atxabiribil hondartzan agertu zen hilzorian, eta berehala zendu zen zetazeoa. Enrike Franko Ambar elkarteko lehendakariordea da, eta hark azaldu du animalia bere gorputzaren pisua ezin jasanda hil zela: «Zetazeoak ugaztunak dira, baina euren berezko habitata itsasoa izanda ez dute euren eskeletoaren pisua jasan beharrik. Baleen kasuan hain handiak izanda, ezinaren ezinaz hiltzen dira lurrera iristean. Hala ere, animalia oso ahulduta zetorren». Balea 16 metro eta 70 zentimetro luze zen, eta 30 tona inguru pisatzen zuen. Haren neurria kontuan hartuta, espezie horrek — zere arrunta (Balaenoptera physalus)— 50 tona inguruko pisua izan beharko luke.

Ambar elkarteko lehendakariordearen arabera, hala eta guztiz ere, aldagai ugarik hartzen dute parte halako kasuetan: «Animaliaren tamaina, egoera fisikoa, bizirik ala hilik dagoen, non agertu den... asko dira kontuan hartu beharreko faktoreak; beraz, kasuak askotan banaka aztertu behar dira». Horretan aritzen dira Ambarreko boluntarioak Bizkaiko eta Gipuzkoako kostaldean, itsas faunaren ikerketan eta babesaren alde lanean dihardute. Halaber, harremanetan daude Lapurdiko kostaldean antzeko lana egiten duten elkarteekin eta zetazeoen kudeaketan eragina duten instituzio publikoekin.

Lapurdin, edozein zetazeo agertzen denean, Pelagis behatokia abisatu behar dute herriko etxeek. Behatokikoek zetazeoa barnetik eta kanpotik aztertzen dute, heriotzaren kausa jakiteko; eta, beharrez, lagin bat ere hartzen diote, animaliari buruz datu gehiago ukaiteko. Ondotik, espezie babestua denez, herriko etxea da arduratu behar lehenik larrutzeaz eta zatikatzeaz, eta, azkenik, errausteaz. Ezin da beste ezer egin haien baimenik gabe.

Ambarrekoen kasuan, haien lana, oro har, gorpua lurperatu aurretik hasten da. Ambarreko boluntarioen esku hartzeak hiru urrats ditu. Lehendabizi, hondarreratzea gertatu den lekura bertaratzen dira, eta animaliaren egoera aztertzen dute. Bizirik mantentzea lortuz gero, itsasoratu egiten dute; osterantzean, gorpua ikertzen dute. Animaliaren laginak batu, eta, aukera egonez gero, nekropsia egitea izaten da egokiena. Hala, posible da animalia zein arrazoirengatik hil den jakitea. Fase hori igaro ostean, aholkularitza besterik ez dute egiten, erakunde publikoen esku baitago gorpuarekin zer egin.

Gorka Ocio Verballenas.com programako kide da eta bizirik dauden zetazeotan aditua, baina badu gorpuen kudeaketaren inguruko iritzia. Hark azaldu duenez, komeni da balearen laginak hartzea, nekropsia egin eta nola hil den jakin ahal izateko. Verballenas.com programaren helburua itsas faunarekin gozatzea da. Horretarako, irteerak antolatzen dituzte itsas zabalera.

Gorpua sartu, ateratzeko

Sopelako baleari dagokionez, zetazeoa «argal» zegoen arren, kudeaketa korapilatsu xamarra izan zuen. Lehenbizi, garabi bidez ahalegindu ziren animalia hondartzatik ateratzen, baina alferrik. Potentzia handiko makinak erabili behar dira horren animalia pisutsuak mugitzeko, baina kasu horretan erabili zuten garabia ez zen aski izan balea mugitzeko: hondoratu egiten zen. Estrategia aldatu, eta erabaki zuten animalia traktore bitartez arrastaka ateratzea hondartzatik.

Halere, erabaki horrek ondorioak izan ditu balearengan: «Animalia garraiatzeko erak organismoan eta hezurretan eragina izan du; zaila da hezurdura osorik berreskuratzea», azaldu du Frankok. Egoera horrek gorpua ehorzteko moduan izan du eragina: hondeamakinek balea erretiratu zuten garabi baten laguntzarekin, eta kamioi baten gainean jarri zuten. «Normalean zabortegi batera eramaten dituzte baleak, garbitasuna eta osasuna oinarri; gunea kontrolatuta egon behar da», nabarmendu du Ociok. Kasu horretan ere, horrela izan da. Bilboko Artigas zabortegira eraman zuten balearen gorpua, eta aditu talde batek hondakin bioestabilizatu batekin estali zuen.

Beste kasu batzuetan, legarra erabiltzen dute baleak lurperatzeko. Esaterako, teknika hori erabiltzen dute urte batzuetara balearen hezurrak berreskuratzeko asmoa dagoenean. Sopelako kasuan bezalaxe, duela hemeretzi urte ere balea bat agertu zen Igeldo magalean, Gipuzkoan. Itsasertzean zegoen hilda, eta burua zabalik zuen. Alex Larrode Donostiako Aquariumeko museo arduradunak eta historialariak azaldu du baleak ontzi bat joko zuela, burezurra zenbait zatitan apurtua zuelako.

Balea jaso eta Donostiako portura eraman zuten, itsasontzi bati lotuta, eta hortik Usurbilgo (Gipuzkoa) mendi batera, eta bertan, lurperatu egin zuten. «Hamahiru urte pasatu ostean atera genuen hezurdura lurpetik, eta Sevillara [Espainia] bidali genituen hezurrak: garbitzeaz gain, hezurdura zaharberritu zuten», esan du Larrodek. Gaineratu du, ordea, hezurrak aurkitzea ez zela erraza izan. Indusketa bateko irizpide arkeologiko berberak erabili zituzten balea hura lurpetik ateratzeko: hezurrak aurkitu ahala, gune ezberdinak hondeatu zituzten.

Larrodek azaldu du balea hura «soilik» lurperatu egin zutela. Baina, baleen hezurdurak porotsuak dira, eta, ondorioz, lurraren kolore marroia itsatsi zitzaien hezurrei. Ez zuten prozesu bera egin 2011n Zarautzen (Gipuzkoa) agertu zen kaxalotearekin. «Legar geruza bat sortu genuen, eta azpian plastikoa jarri; bertara bota genuen kaxalotea legar eta lurrarekin», nabarmendu du historialariak. Haren esanetan, errazagoa izango da balea non dagoen jakitea, baita hezurrak lurpetik ateratzeaz gain, haiek garbitzea ere. «Legarrarekin lurperatu genituenez, lurpetik ateratzean, hezurrei hura kentzea besterik ez dago», gaineratu du Donostiako Aquariumeko museoko arduradunak.

Egun, balearen hezurdura Donostiako Aquariumean dago. Joan zen urteko azaroaz geroztik dago ikusgai. Horrez gain, bada orain 141 urteko balea baten hezurdura ere. Hamabi metroko balearen hezurdura da, 1930ean moldatu, eta lau urte geroago erakusketan jarria. Joan zen urtean egin zuten haren urtebetetze festa. Lurpean dagoen kaxaloteari dagokionez, Larrodek azaldu du oraindik ez dakitela zer egingo duten, baina badute hura ikertzeko asmoa. «Kaxalotea lurpetik ateratzeko data zehatzik ez dugu, baina ikertu nahi dugu zein usteltze egoeratan dagoen; hala, zenbat itxaron behar dugun jakingo dugu», nabarmendu du museoko arduradunak.

Halere, gorpua osorik lurperatzeaz gain, badaude beste teknika batzuk ere. Esaterako, historialariak esan du Kanadan animaliaren gorputza zatika mozten dutela: «Balea zatika mozten dute, eta kaiola batzuetan lurperatu; hala, karramarroek eta bestelako animaliek jaten dute haragia, eta hezurdura gelditzen da». Denborak ere badu garrantzia: gorpua osorik lurperatuz gero, denbora gehiago behar du desegiteko.

Badira errausketa kasuak ere. Baleak errausten ez diren arren, esaterako, izurdeak erretzen dira. Baita txakurrak, katuak edo tamaina antzekoa duten animaliak ere. «Ez dut baleen errausketa kasurik ezagutzen, ez dakit hain handiak diren animalientzako errauskailurik badagoen, ordea, beste kontu bat litzateke hondakinen errauskailu batera eramatea», esan du Larrodek. Ambarreko kideak aipatu du izurdeen kasuan ohikoa izaten dela erretzea: «Metro eta erdiko luzera duen izurde bat, esaterako, erraz erraustu daiteke. Ez da horrela baleen kasuetan, askoz handiagoak baitira».

Lurperatu, erraustu, aztergai bihurtu edo museo batean zintzilikatu. Zenbait dira zetazeoek hil osteko bizitzan dituzten erabilpenak. Gorpuen kudeaketaren gaineko erabakia instituzioen esku geratu ohi da, baina etekinik ezean, hauts bihurtuta edo lur azpian bukatu ohi dute. Gizakien esanetara, aukera nahieran.