LGTBIfobiaren aurkako eguna

Kontzientzia sortzeko deia

LGTBI kolektiboko kideen aurkako gorroto delituak ugaritu egin dira azken urteotan, Aldarteren arabera: 2016an, 40 salaketa izan ziren Hego Euskal Herrian; erdiak baino gehiago, Bizkaian
LGTBI kolektibokoa izatea heriotzaz zigortzen da oraindik hainbat lekutan.
LGTBI kolektibokoa izatea heriotzaz zigortzen da oraindik hainbat lekutan. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS

Ane Zurutuza Irastorza -

2018ko maiatzak 17
LGTBIfobiaren aurkako eguna da gaur. 1990. urteaz geroztik, egun garrantzitsua da maiatzaren 17a mundu osoko lesbiana, gay, transexual, bisexual eta intersexualentzat. OME Osasunaren Mundu Erakundeak urte hartan kendu zuen homosexualitatea buruko gaixotasunen zerrendatik, eta ordutik ospatzen dute egun hori. Izan ere, aurrerapausoak egin diren arren, «LGTBIfobia ez da desagertu», Eusko Jaurlaritzako Berdindu zerbitzuak atzo berretsi zuenez.

Aldarrikapen egun horren harira, agerraldia egin zuten atzo Gipuzkoako Foru Aldundian, OSGI Gorroto Delituei Begirada Orokorra proiektua aurkezteko. Proiektu hori Aldarte lesbiana, gay eta transexualen arreta zentroak egindako ikerketa bat da, eta helburu du orientazio sexuala edota genero identitatearekin lotutako gorroto delituak ikertzea. Gipuzkoako Foru Aldundiak lankidetzarako ematen dituen diru laguntzei esker egin du ikerketa Aldartek, eta proiektua bera eta hari lotutako jardunaldi bat aurkezteko mintzatu ziren atzo Aldundian.

Hauek mintzatu ziren agerraldian: Gipuzkoako Garapenerako Lankidetzako zuzendari nagusi Fernando San Martin, Aldarteko bozeramaile Cristina Rueda eta Mexikoko aktibista transgenero Lola Dejavu. San Martinek aurkeztu zuen proiektua; LGTBI kolektiboak eskubideen arloan egin dituen aurrerapausoak aipatu zituen, baina argi utzi zuen LGTBIfobia errealitate bat dela oraindik: «Gorroto diskurtso ugari dago gaur egun gurean». Esaterako, adierazi zuen eliza ortodoxoak 400 ezkontza heterosexual egin behar dituela gaur, «LGTBIfobiaren aurkako egunari kontra egiteko». Gainera, gogorarazi zuen homosexualitatea zigortuta dagoela oraindik munduko 70 estatutan, eta horietako bostetan, gutxienez, heriotza zigorra daukala ezarrita.

Cristina Ruedak hartu zuen hitza ondoren; Aldartek egiten duen lanari buruz hitz egiteaz gain, 2016ko gorroto delituen kopuruak eman zituen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Urte hartan, Ertzaintzak 30 salaketa jaso zituen (21 Bizkaian soilik). Nafarroan, berriz, hamar izan ziren; beraz, 40 salaketa izan ziren Hego Euskal Herrian. Hala ere, Ruedak azpimarratu zuen eraso gehienak ez direla salatzen, horrek berekin dakarrelako «publiko egitea zer zaren», eta jende asko ez dago prest pauso hori emateko. Adierazi zuenez, azken urteotan ugaritu egin dira LGTBI kolektiboko kideen aurkako gorroto delituak, eta Aldarten egunero jasotzen dituzte deiak mota askotariko erasoak salatzeko eta laguntza eskatzeko. Datu kezkagarriak diren arren, Ruedak gogorarazi du egoera benetan lazgarria bizi dutela munduko beste leku askotan. Hondurasen, adibidez, 292 pertsona hil dituzte bortxaz 2009 eta 2018 artean, LGTBI kolektiboko kide izateagatik soilik.

Agerraldiko hitz gogorrenak Lola Dejavu Mexikoko aktibista translexualak egin zituen, Hego Amerikako hainbat herrialdeetako errealitateaz mintzatzean. «Mexikon, astero hiltzen dute transexualen bat, batez ere sexu langileak». Gainera, Mexikon ohikoa da ,translexual bat hiltzen dutenean, hura mutilatzea. «Behin baino gehiagotan akabatzen gaituzte: lehenengo, hiltzen gaituztenean, eta beste behin, gure genero identitate edota orientazio sexuala ukatzen digutenean».

LGTBIfobiaren aurkako egunaren eta Aldarteren ikerketaren harira, jardunaldi bat egingo dute bihar, Donostiako Koldo Mitxelena liburutegian eta Emakumeen Etxean. Hitzordu horren helburua izango da egungo egoerari buruzko gogoeta egin eta Aldartek nazioarteko sare bat aurkeztea, antzeko elkarteen arteko lankidetza indartzeko. Gainera, arratsaldean, egiten ari diren ikerketaren lehen emaitzak aurkeztuko dituzte: egunerokoan LGTBIfobiari aurre egiteko estrategiak, eta Nikaragua, Mexiko eta Guatemalako pertsonengandik jasotako esperientziak.

Adingabeak, arriskuan

Iparraldean ere ugaritu egin dira erasoak. Les Bascos elkarteak txosten bat argitaratu du, Frantziako Estatuko gorroto delituen datuekin. Han ere erasoak gora egiten ari direla ohartarazi dute, eta nabarmendu dute adingabeek egoera bereziki arriskutsua bizi dutela, besteak beste, Interneten.

Nafarroako Gobernuak ere egin zion atzo aipamena LGTBIfobiaren aurkako egunari, eta adierazpen instituzional bat izenpetu zuen, aldarrikapenari babes osoa emanez. Lehen aldia da Uxue Barkosen gobernuak bat egiten duena LGTBIfobiaren aurkako eguneko aldarrikapenarekin.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna