Hauteskundeak Grezian. Gobernu berria

'Grexodoaren' hasiera

«Austeritatetik eta krisitik irteteko modu greziarra» ospatu dute Syrizaren jarraitzaileek Atenasko kaleetan. Europako herrialde gehiago bide horretara batuko direla espero dute.

Atenasko herritarrak, metrotik irteten. JON FERNANDEZ.
Jon Fernandez.
Atenas
2015eko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Dilema, inoiz baino gehiago, berba grekoa da. Bi aukeraren artean erabakitzea esan nahi du hitzez hitz. Horixe egin dute Grezian: troikaren esanetara dagoen ND eskuindarraren eta austeritatearen amaiera agindu duen Syriza ezkertiarraren artean bigarrena aukeratu dute herritar gehienek. Vasilisek ere aldaketa aukeratu zuen domekan, ia-ia halabeharrez. Ordubete luzez itxaron zuen hauteskunde gauean Atenasko Unibertsitatearen plazako oholtzapeko lehen lerroan, Alexis Tsiprasen garaipena bere begiekin ikusteko, sinesteko eta gozatzeko. Plazara bakarrik jaitsi zen, baina hango jendetzaren artean ez zen bakarrik sentitu. Olympic Airlines publikoko langilea zen Vasilis, baina Atenasek pribatizatu egin zuen 2009an eta lan barik dago harrezkero, aurretiazko erretiroa hartuta baldintza ekonomiko kaskarretan. «Grezia berri bat sortuko dugu. NDren eta Pasoken gobernuek suntsitu egin dute sare ekonomiko guztia».

Hauteskundeen dilema argituta, ordea, ez dira amaitu egin beharreko aukerak. Hasteko, Syrizari bi diputatu falta zaizkiolako gehiengo osorako. Dilema kate luzea du aurrean Greziak. Lehenengoetakoa zen Tsiprasek gobernua osatzeko babes bat lortzea, eta Ezker Erradikalaren Koalizioak —horren akronimoa da Syriza— Anel eskuindar nazionalistari estutu dio berehala eskua. Aukeratzea arriskatzea da, eta Tsiprasek arrisku handia hartu du hasi bezain laster.

«Ez dago arazorik, Pannos Kammenos, Aneleko burua, ez da Antonis Samaras», dio Georgios farmazialariak guztiz konbentzituta. Eskuinekoa eta Nea Demokratiatik ateratako alderdia izan arren, troikari planto egitearen aldeko jarrera irmoa du Anelek, eta horixe da askorentzat lehentasuna. «Kammenosek NDtik alde egin zuen Samarasi marra gorriak jarri zizkiolako, eta hark ez zizkiolako onartu». Georgiosi ez zaio batere arraroa iruditu Syrizak aukeratu duen bidelaguna. Areago, logikoa eta egokia iruditu zaio. «Tsiprasek eta Kammenosek lortuko dute urtebetean ekonomia gorabidean jartzea berriro. NDko eta Pasokeko politikariek dirua lapurtu baino ez dute egin urte luzeetan».

Yannis 68 urteko erretiratuakitxaropenez irakurri ditu biharamunean egunkarien azalak Tsiprasek kanpainako azken mitina egin zuen Omonia plazako kiosko batean. «Begira, begira azal hau. Samarasen eskela jarri dute lehenengo orrian», barre algara eutsi barik seinalatu du kazeta Yannisek. «Benetako aldaketa ezagutzeko esperantza daukat», adierazi du. «Baina ez da erraza izango, zail-zaila izango da».

Nazioarteko besarkadak

Grekoa den neurrian, dilema berba europarra ere bada. Inoiz baino gehiago, gainera. Kanpainan haizatu den beldurretako bat izan da, hain zuzen, Greziak Europa hausteko arriskua. Baina domeka gaueko Syriza-guneko ospakizunean grezieraz gain beste hizkuntza asko entzuten ziren, bereziki italiera, gaztelera eta frantsesa.

Baina baita alemana ere. «Austeritatearen kontra Grezian hasi den aldaketa Europa osora hedatzea espero dugu. Hau hasiera baino ez da», zioen Katharina alemaniarrak. Die Linke ezkerreko alderdi alemaniarreko hainbat lagun zeuden Tsiprasen gaua eurena ere bazela ospatzen Atenasen.

«Syriza Europaren kontrakoa dela? Greziarrak, alemaniarrak eta italiarrak elkar besarkatzen ari gara hemen. Hauxe da Europa!», zioen hunkituta Matteok. Pisatik (Italia) etorri ziren dozena bat lagun Atenasera, espresuki Syrizaren gorakada babestera. «Eta ikastera. Italian ez daukagu horrelako alderdirik, baina laster sortuko da, jendeak nahi duelako eta behar duelako».

Domeka gaueko festa gunean zen Dimosthenis Papadatos Syrizako komite zentraleko kidea ere. Pozez gainezka, une historikoa bizitzen ari den ziurtasunaz. Kanpainan greziarrak izutzeko erabili duten dilema nagusia, eurogunean jarraitu ala atera, gezurra dela uste du: «Ez da Grexit-ik egongo, Grexodo bat da gurea, austeritatetik eta krisitik irteteko bide greziarra».

Irteera esan nahi du exodos berbak grekoz, eta irteera propio bat, duin bat, lortuko dutela sinetsita dago Papadatos. Agindutako lurrerako bidaia hasteko prest dagoela erakutsi du greziarren gehiengoak hauteskundeetan, eta gidari izateko makila eman diote Moises greziarrari. Bai Tsiprasek bai greziarrek badakite agindutakoa ez lortzeak arrisku handiak dituela. Baina, zer dute galtzeko? Dilema nagusia Bruselak du orain, grexodo horri atea zenbateraino ireki erabakitzen, herrialde gehiago bildu baitaiteke exodora. Domeka gauean Atenasko plazan gehien irakurtzen ziren kartelek argi zioten: «Beste Europa bat Tsiprasekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.