Urte politikoaren hasiera

Akordioen bidea sozialistekin sakondu nahi du EAJk

Ortuzarrek «leialtasuna» eskaini dio Sanchezi, transferentzia guztien truke. Malgu jokatzeko eskatu dio EH Bilduri
Joseba Egibar eta Andoni Ortuzar EAJko buruzagiak, atzo arratsaldean Zarautzen eginiko ekitaldian.
Joseba Egibar eta Andoni Ortuzar EAJko buruzagiak, atzo arratsaldean Zarautzen eginiko ekitaldian. GORKA RUBIO / FOKU

Jokin Sagarzazu -

2018ko irailak 1
Sozialistekin leial, baina zorrotz. Eta ezker abertzaleari eskua luzatuta, baina malgutasuna eskatuz. Hala egin nahi du aurrera EAJk datorren urte politikoan. Bi ditu erronka nagusiak: Espainiako Gobernua konbentzitzea legealdia amaitu baino lehen Gernikako Estatutuan jasota dauden baina eskualdatu gabe dauden eskumenen transferentzia egiteko —37 denera—. Eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako estatutu politiko eta juridiko berri bat adostea Eusko Legebiltzarrean. Jeltzaleek bietan lehenetsiko dituzte akordioak sozialistekin. Aurrenekoan, halabeharrez; Madrilen gobernatzen baitute PSOEkoek. Bigarrengoan, hala nahi dutelako; estatutu politiko berriak Espainiako Gorteetan oniritzia izan dezan orain arte EAJk eta EH Bilduk adostu dituzten oinarriek duten baino babes zabalagoa izatea nahi dutelako.

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak asteartean Donostiako Miramar jauregian eginiko hitzaldian zehaztutako bidetik mintzatu zen atzo Andoni Ortuzar EAJren Euzkadi Buru Batzarreko presidentea, urte politikoa hasteko jeltzaleek ohitura bihurtu duten Zarauzko (Gipuzkoa) ekitaldian. Ortuzarrek azaldu duenez, bi helburu horiek lortze aldera prest daude Pedro Sanchezen gobernuari babesa emateko hark legealdia «agortu» dezan. «Kontziente gara Madrilen dauden zailtasun politikoei buruz. Koherenteak eta leialak izango gara. Gure botoak hor egongo dira, legealdiak iraun dezan. Inplikatuko gara. Baina inplikazio bera eskatzen dugu autogobernuak aurrera egin dezan, eta legea bete dadin. Gernikako Estatutua legea da, eta beteta egon behar luke».Hori egitea izango da «Sanchezen borondate politikoaren froga», Ortuzarren ustez.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako estatutu berriaren negoziazioei buruz ere zuzendu zaie sozialistei. Ortuzarrek berretsi du Gernikako Estatutuak baino babes zabalagoa duen akordio bat nahi duela EAJk, eta, EH Bildurekin orain arte adosturikoak txalotu dituen arren, ohartarazi du «mahai gainean dagoena» ez dela «aldaezina den fedezko dogma bat». Nabarmendu du Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldean «beste fase bat» zabalduko dela eta espero duela PSE eta Ahal Dugu «mugitzea». «Ezin dute pentsatu gutxiengoa izanik nagusituko direla. Mugitzeko garaia da. EAJk egingo du. Baina ez dugu haien betorik onartuko, eta ezker abertzaleak ez gaitu bere jokora eramango».

Gai horretatik landa ere mintzatu da ezker abertzaleari buruz Ortuzar: «ez arriskatzea» leporatu dio, bereziki Madrilekiko harremanetan, eta euskal presoen gaia jarri du adibide gisa. «Nahiago dute gure itzalean egon». «Fruituak etorriko dira mugituz, Madrilen arriskatuz, eta ez euskal presoen aldeko pankartak ateraz. Baina bertigoa ematen die horrek».

Joseba Egibarrek ere, bere mintzaldian, PSE eta Ahal Dugu kritikatu ditu. Salatu du Eusko Legebiltzarrean duten «gutxiengoa» erabiltzen dutela «garapen politikoa oztopatzeko». «Eta, garapen politikorik gabe, herri batek ezin du aurrera egin». Alderdi barrura begirako mezua era izan du. Esan du egonkortasuna ona dela: «Baina hori gauza bat da, eta beste bat konformismoa», ohartarazi du. Ezker abertzaleari ere mintzatu zaio, eta Ortuzarrek gero erabili duen irudi baten bueltan aritu da. «EAJk nahiago du 100 kiloko harri txiki bat altxatu hamar aldiz eta 1.500 kilo gora mugitu, 300 kilokoa behin ere altxatu gabe ibili beharrean». Egibarrek adierazi du ezker abertzaleak berriz ere «tentazioa» izan dezakeela «inspektore» aritzeko. «Baina gu ez gara apustu eta joko horietan sartuko», berretsi du.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna