Espainiako Poliziak ez du egokitzat jo Ertzaintzaren jokabidea

Poliziako aditu batek epaiketan adierazi du pilotak erabiltzeak azken baliabidea izan beharko lukeela
Iñigo Cabacasen hilketa argitzeko Bilbon egiten ari diren epaiketako irudi bat.
Iñigo Cabacasen hilketa argitzeko Bilbon egiten ari diren epaiketako irudi bat. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU

Gotzon Hermosilla -

2018ko urriak 18
Espainiako Poliziako komisario Juan Carlos Castrok bideo konferentzia bidez deklaratu du Iñigo Cabacasen hilketari buruzko epaiketan, eta, akusazio partikularraren galderei erantzun dienean, ez du egokitzat jo Ertzaintzak gau hartan izan zuen jokabidea. Lehenago, txosten bat bidalia zuen Espainiako Poliziak horrelako kasuetan erabiltzen dituen irizpideen inguruan, eta irizpide horiek azaldu ditu bere deklarazioan: bere ustez, ez da gomendagarria pilotak 50 metrotik baino gertuagotik jaurtikitzea, ezta eskopeta zuzen edukita tiro egitea ere. «Begi bistakoa da kautxuzko pilota bat abiada handian eta gertutik botata hilgarria izan daitekeela». Akusazio partikularreko abokatuak galdetu dionean ea egokia den jendez betetako plaza batean pilotak jaurtikitzea bospasei lagun botilak botatzen ari direlako, erantzuna argia izan da: «Zuk aipatzen dituzun baldintzetan, ez».

Castrok esan du horrelako kasuetan gomendagarriagoa dela «modu mailakatuan» aritzea: lehenbizi, ohartaraztea; geroago, borrekin jardutea eta abar. Pilotak jaurtikitzea mailaketa horren azken katebegia litzateke, Espainiako Poliziaren adituaren arabera. Era berean, Castrok aitortu du Espainiako Poliziak ere protokoloak aldatu zituela Iñigo Cabacasen heriotza ekarri zuten gertaeren ondorioz.

Epaiketaren hirugarren saioan ere hainbat lekukok eman dute testigantza. Bereziki mamitsua izan da Jorge Aldekoa Ertzaintzaren arduradun nagusiarena. Garai hartan, Bilboko ertzain etxeko arduraduna zen Aldekoa, eta epaiketan agertu da horrelako istiluetan aritzeko ertzainek duten prestakuntzaz, erabakiak hartzeko moduez eta Ertzaintzaren aginte mailez azalpenak emateko.

Aldekoa saiatu da Ugarteko ezizenez deitzen dioten ertzainburua errugabetzen, eta, zeharka, 3389 zenbakia duen ofiziala egin du gertaturikoaren erantzule. Polizia operatiboa antolatu zutenean, Bilbo hainbat esparrutan banatu zuten, eta ofizial horri egokitu zitzaion Cabacas hil zen esparruaren ardura hartzea. Ofiziala auzipetuta dago, Ugarteko ez bezala.

Aldekoaren arabera, Ugarteko zen furgoneta guztietako komunikazioak jasotzeko aukera zuen bakarra, eta, hortaz, indar guztien koordinatzailea. Baina esan du erabakiak «tokian dagoen arduradunak» hartu behar dituela, eta hark baloratu behar duela noiz eta nola jokatu. Polizia etxetik jasotako aginduak gorabehera, tokiko arduradun horren esku dago nola jardun erabakitzea, Aldekoaren deklarazioaren arabera, betiere.

Aldekoak adierazitakoa ez dator bat Ertzaintzaren arduradunen arteko komunikazioen grabazioetan entzuten denarekin. Grabazio horietan, ofizialak Ugartekori azaltzen zion bere ustez egoera «kontrolatua» zegoela eta ez zuela uste esku hartzea beharrezkoa zenik. Horren aurrean, Ugartekok agindu argiak ematen zizkion: «Sartu daukagun guztiarekin, hustu lekuak, eta orduan egongo da egoera kontrolatua».

Aldekoaren azalpenak entzunda, ofizialaren abokatu defendatzailea haserre paratu da, eta tirabira latza izan du Ertzaintzaren buruarekin. Adibidez, galdetu dio nola den posible Ugartekok ertzain batzuk toki batera bidaltzea berak defendatzen duen ofizialak jakin gabe eta, hala ere, ofiziala izatea ertzain horiek egiten dutenaren erantzule. Abokatuaren galderak gorabehera, bere bertsioari eutsi dio Aldekoak.

Gainerako lekuko gehienen testigantzak bezperakoen bide beretik joan dira. Hil zutenean Cabacasen ondoan zegoen adiskide batek, kalezulo hartan dauden bi tabernetako langileek eta inguruko etxeetan bizi edo lan egiten zuten hiru lagunek deklaratu dute, eta antzekoak izan dira denen bertsioak: ertzainak agertu arte ez zen istilurik egon, geroago ere ihes egitea edo babestea izan zen plazatxoa betetzen zutenen kezka nagusia, eta gazte gutxi batzuk baino ez zitzaizkien ertzainei oldartu, dozena erdi bat edo. «Harritu nintzen, ertzainak haiengana joan beharrean kalezulora tiroka ari baitziren», esan du Maria Diaz de Haro kalean bizi den emakume batek.

Saioa amaitutakoan, akusazio partikularraren abokatu Jone Goirizelaiak Espainiako Poliziaren adituaren testigantza nabarmendu du: «Hortik ondorioztatzen da jendez betetako leku bat husteko azken baliabidea izan behar duela gomazko pilotak botatzeak, gorde beharreko gutxieneko distantziak 50 metrokoa beharko lukeela, eta polizia guztiek, Espainiako Estatuan aritzen direnek ere, jarduteko protokoloak aldatu zituztela Iñigo Cabacasen heriotzaren ostean. Horrek esan nahi du zerbait txarto egiten zela».

Aste honetan ez da saio gehiago egongo. Urriaren 22an ekingo diote berriro epaiketari.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna