Ingurumena. Luizia Zaldibarren

Sua eta haserrea amatatu barik

Ostegun gauean berriro piztu zen sutea Zaldibarko zabortegian. Eguerdian amatatzea lortu dute, gau osoan izekirik egon ostean. Albisteak inguruko herritarrak aztoratu ditu, sutea itzalitzat baitzeukaten

Zaldibarko zabortegiko sutea itzaltzeko lanak, atzo. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
gotzon hermosilla
2020ko otsailaren 22a
00:00
Entzun

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak joan den astean Zaldibarrerako, Ermurako eta Eibarrerako emandako gomendioak bertan behera utzi eta ordu gutxira berriro piztu zen sutea Zaldibarko hondakindegian. Ostegun gauean izan zen, 22:00etan, eta ostiral eguerdian itzali zuten, 15:00ak baino apur bat lehenago. Joan den asteartetik itzalitzat jo izan dute sutea —Iñigo Urkullu lehendakariak berak iragarri zuen, zuzenean, Eusko Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorrean azalpenak ematen ari zelarik—, eta berriro piztu izanak kezka eta haserrea eragin du inguruko herritarren artean.

 

Ostegun gauean, hainbat herritarrek deitu zuten larrialdi zerbitzuetara, kezkaturik, zabortegian argia ikusten zelako eta kea ateratzen ari zelako. Ermuko Udalak ere baieztatu zuen albistea, 23:00etan, sare sozialen bidez.

Zaintzako zerbitzuak atoan bertaratu ziren, baina ikusi zuten ezin zutela gauza handirik egin: azken egunotan eremua egonkortu eta suteak egoten diren lekuraino bideak zabaldu dituzten arren, oraindik arriskutsua da han jardutea, eta are gehiago, gauez. Hortaz, egunsentira arte itxarotea beste irtenbiderik ez zuten izan.

Argia hastearekin batera, 08:00etan ekin zieten itzaltze lanei. Makinak sutea zegoen lekuraino sartu ziren, eta, aurrekoetan bezala, su lamak lurrez estali zituzten, ura bota beharrean. Lanean ia zazpi orduz jardun ostean, sutea erabat itzali zuten. Zaintza talde bat han gelditu zen, badaezpada.

Artean sutea itzali gabe zegoela, Ingurumen Saileko Ondare Naturaleko eta Klima Aldaketako zuzendari Aitor Zuluetak adierazpenak egin zizkion Euskadi Irratiari. Esan zuenez, «normala» zen sua berriro piztu izana, eta atzo izekitakoa «su txikia, bakarra» zen, «aurreko sutearekin zerikusirik» ez zeukana.

Baina albisteak inguruko herrietako biztanleak aztoratu zituen. Sua ez ezik, ke laino trinkoa ere ikusgai zen inguruko hainbat tokitatik, eta goiz osoan herritarrek haserrezko mezuak eta sutearen argazkiak igorri zituzten sare sozialetan.

Bezperan, Osasun Sailak indarrik gabe utzi zituen Zaldibarko, Eibarko eta Ermuko herritarrei emandako gomendioak: etxeak ahalik eta gutxiena egurastea, leihoak itxita edukitzea, batez ere gauez, eta kanpoan kirolik ez egitea. Suteak eragindako egoera berria aztertuta, Osasun Sailak indarrean jarri zituen berriro neurri horiek, baina soilki Ermuko Sallabente auzoko herritarrentzat. Eta sua itzalitakoan, bertan behera gelditu ziren aholkuak.

«Lasaitasunerako deia» egin zuen Iñaki Berraondo Osasun sailburuordeak: «Une zehatz bateko egoera izan da, eta, gainera, gauez gertatu da, herritarrak babestuen daudenean».

Berraondoren ustez, sutearekin sortutako egoerak ez du arriskua areagotzen: «Dioxinen auzia esanguratsua da soilki haiekin kontaktuan egondako denboraren arabera. Orain sortutako egoerak zuhur jokatzera eraman behar gaitu, baina, hala ere, lasaitasun mezua igorri behar da».

Berraondok iragarri zuen beste neurgailu bat jarriko dutela dioxinen eta furanoen maila antzemateko, Ermuko alde zaharrean hain zuzen. Horrekin, lau izango dira dioxinak neurtzeko aukeraturiko guneak; beste hirurak Ermuko Sallabente auzoa, Eibarko plaza eta Zaldibarko Eitzaga auzoa dira. «Horrek segurtasuna ekarriko digu aholkuak emateko orduan», esan zuen sailburuordeak.

Uraren Euskal Agentziako zuzendari nagusi Ernesto Martinez de Cabredok, berriz, baieztatu zuen sutea amatatzeko lanek ez zutela eraginik izan Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran —desagerturik jarraitzen duten bi langileak— topatzeko lanetan, sutea goragoko esparru batean suertatu delako. Esan zuenez, «adi» egon beharko dute, sutea berriro piztuko balitz ere, su erraz hartzen duten gas eta materialak daudelako zabortegian

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.