Zaldibarko zabortegia

Verterrek 2018tik zuen egonkortasun arazoen berri, baina aztertzea uxatu zuen

Ingeniari enpresa batek birritan egiaztatu zuen segurtasun faktoreak ez zirela betetzen; azterketa sakonago bat egitea proposatu zien jabeei, baina haiek baztertu egin zuten

Zaldibarko zabortegiko lanak, abuztuaren erdialdean. MIGUEL TOÑA / EFE.
mikel p ansa
2020ko irailaren 30a
00:00
Entzun

Zaldibarko zabortegia (Bizkaia) 2020ko otsailaren 6an amildu zen, baina Verter Recycling 2002 SM enpresaren jabeek bazekiten ezegonkortasun arazo handiak zituztela 2018ko udaberritik. Orduan egindako azterketa tekniko batzuetan atzeman zuten segurtasun faktoreak ez zirela betetzen, eta ingeniaritza enpresa batek jabeei aholkatu zien azterketa sakonago bat egiteko; jabeek baztertu egin zuten aholku hori. Are gehiago: handitu egin zuten zaborra hartzeko erritmoa, eta zabortegiaren hurrengo faseen obrekin jarraitu zuten.

Ikusi gehiago:Zabortegien azterketa bat egingo du Jaurlaritzak sei hilabeteko epean

Uztailaren 21ean, enpresaren hiru arduradun atxilotu zituen Ertzaintzak: Jose Ignacio Barinaga eta Arrate Bilbao jabeak eta Juan Etxeberria ingeniaria, zabortegiko teknikaria —haren bulegoa ere miatu zuen, Donostian—. Bezperan, epaileari idatzi bat aurkeztu zion ikerketa kriminalen Ertzaintzako buru batek, Etxeberriaren bulegoa miatzeko baimena eskatzeko. Agiri hori eskuratu du BERRIAk, eta horretan argi geratzen da zabortegiaren jabeek aspalditik zekitela zabortegian egonkortasun arazoak zeudela.

Zabortegiek eraikuntza fase ugari izaten dituzte; ez dira azpiegitura bukatuak izaten, eremu batzuk bete ahala horiek ixteko lanak egin behar izaten dituztelako, eta horiek bete ahala beste eremu batzuk prestatu behar dituztelako, zabor gehiago hartzen segitzeko. Verterren ere hala zen: obrak egiten ari ziren etenik gabe, eta, zabortegia amildu zenean, aurreneko fasea ixten hasiak ziren.

2017an, plataforma bat eraiki zuten I eta II ezponden artean, eta 2018ko apirilean plataforma berri horrek zabortegiaren forman eta egonkortasunean nolako eragina zuen ikertu zuen Geyser HPC ingeniaritza enpresak. Verterrekin kontratua zuen ingeniaritza horrek, aholkularitza eta kontrola egiteko, baina 2018ko azterketa hori egiteko betebeharrik ez zegoen berez: ingurumen baimenak ez zuen halakorik exijitzen, eta azterketa hori egiteko arrazoia zein zen ez dakitela azaltzen du Ertzaintzaren agiriak. Azterlanaren ondorioa argia zen, nolanahi ere: segurtasun faktoreak ez ziren betetzen, eta zabortegiaren zati bat amiltzeko arriskua ere aipatzen zuen.

Gelditu ez, eta bizkortu

2018ko ekainean —uste denez jabeek eskatu gabe—, beste azterketa bat egin zuten Geyserreko teknikariek, eta ondorio berak berretsi zituzten. Ingeniari horiek Verterren jabeei aholkatu zieten zabortegiaren egonkortasunari eta segurtasunari buruzko azterketa sakonago bat egiteko —hori egiteko eskaintza bat ere aurkeztu zuen ingeniaritzak—, baina jabeek ez zuten halakorik egin. Kontrakoa: zaborra bizkorrago hartzen hasi ziren —2017an, 400.000 tona hondakin hartu zituzten; 2018an, 540.000; eta 2019an, 510.000—, eta hurrengo faseak eraikitzeko lanekin jarraitu zuten aldi berean.

2018koa ez zen izan abisu bakarra. Berez ez zen organikoen zabortegia, baina halako material asko ari zen pilatzen Zaldibarren, eta metanoa sortzen ari zen, baina ez zuen gas hori biltzen —erregistroen arabera, urteko kilo bat isuri zuen 2017an, eta 400 gramo 2018an—. Eusko Jaurlaritza aspalditik ari zitzaion hori konpontzeko eskatzen, eta Lurtek ingeniaritzari beste azterlan bat eskatu zion Verterrek. 2019ko maiatzean entregatu zuen txostena ingeniaritzak, eta azterlan horretan ere berretsi zituzten aurreko urtean atzemandako arazoak: segurtasun faktore batzuk ez ziren betetzen. Geyserrek proiektu bat egin zuen 2019ko urrian, zabortegiaren metanoa bildu eta zabortegia ixteko, eta 2020ko urtarrilean eman zioten dokumentu hori Jaurlaritzako Ingurumen Sailari. Ez zioten 2018ko azterketen berri eman, eta zabortegia egonkorra zela ziurtatu zioten.

Bitartean, aktibitate handia zegoen zabortegiaren barruan eta inguruan. 2019ko abenduan, tarteko plataforma gehiago egonkortzeko obra batzuk egin zituzten, eta zabortegiaren garapeneko zortzigarren fasea bukatu zuten. 2020ko urtarrilean, bederatzigarren fasea eraikitzen hasi ziren. Horrek esan nahi du prestaketa lanak egiten ari zirela aldi berean zabortegiaren aurreneko fasea ixteko eta eremu berri batean —gorago— zaborra hartzeko; kamioien eta makinen joan-etorria etengabea zen, eta lur mugimenduak egiten ari ziren ezponda batean. Joaquin Beltranen enpresa zuten kontratatua lan horietarako; zabortegia amildu zenean, lan horietan ari ziren.

Bada irregulartasun bat lan horiei lotuta, bestalde: Ertzaintzaren ikerketaren arabera, lehen fasea ixteko obren berririk ez zuen Ingurumen Sailak, eta lan horiek egiteko segurtasun eta osasun planik gabe ari ziren. Eta, horrez gainera, baimenik ez zuten lur eremuak erabiltzen ari ziren lur mugimendu horiek egiteko. Zabortegiaren eremutik kanpo zuten lurra pilatua —baimenik gabe—, zabortegia handitzeko lanei trabarik ez egiteko, antza.

Obra asko aldi berean

Ertzaintzak iradokitzen du arrisku faktore gehiegi ari zirela pilatzen urte hasiera honetan: lehendik atzemandako segurtasun faktoreak, zaborren sarrera eta konpaktatzeko lanak, metanoa atzemateko egin beharreko lanak, lehen ezpondan egiten ari ziren lur mugimenduak... Polizien ikerketak ez du ondorioztatzen zabortegia zergatik amildu zen, baina faktore horiek guztiek eraginen bat izan zezaketela iradokitzen du, eta jabeek, segurtasunari buruzko ikerketa horien berri izan arren, ez zutela neurririk hartu nabarmentzen du.

Hortik aurrerako gertakizunak ezagunagoak dira. Otsailaren 3an, Joaquin Beltranek jabeei jakinarazi zien arrakalak ikusi zituela zabortegian. Otsailaren 4an, Geyserreko teknikari bat joan zen lekura, eta berretsi egin zuen. Otsailaren 5ean, topografo eta teknikari gehiago joan ziren zabortegira, eta egiaztatu zuten zabortegiaren perimetroan arrakala gehiago zeudela. Topografoek esan zuten zabortegiaren lurra aurrerantz mugitzen ari zela, maldan behera. Ertzaintzak nabarmentzen du langileei ez zietela ezer esan, eta zaborra hartzeko erritmoa ez zutela apaldu halere.

Azterketak egin zituzten IT Topografia enpresako eta Geyserreko teknikariek otsailaren 6ko goizean berretsi zuten ezohikoa zela zabortegian gertatzen ari zen lur mugimendua. Ezpondan egiten ari ziren obrak bertan behera uztea eta zabortegiaren aurrealdean zabor gehiago ez botatzea aholkatu zuten, zabortegiaren edukiontzia hausteko arriskua zegoela ere nabarmenduta. Jabeek ez zuten premiazko neurririk hartu. Otsailaren 7an bilera bat egitea hitzartu zuten enpresako buruek, eta azterketak egin zituzten teknikariek. Ez zuten bilera egin: otsailaren 6an amildu zen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.