Koronabirusa

Hegoaldeko erietxeetan 880 paziente daude birusak jota

Beste 11.281 kasu atzeman dituzte Hego Euskal Herrian. Astebetean 58 pertsona zendu dira gaitzarekin

Gurutzetako ospitaleko zainketa intentsiboetako unitatea, artxiboko irudi batean. MIGUEL TOÑA / EFE.
Edurne Begiristain.
2022ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Gero eta bistakoagoa da joera: izurria Hego Euskal Herrian izaten ari den azken oldarraldia zuzenean eragiten ari da ospitaleen egoeran, eta birusak gero eta ohe gehiago ditu hartuak Hegoaldeko zentroetan. Omikron aldaerarekin ospitaleratze datuak ez dira positibo kopuruaren neurri berean handitu, baina bada kezkarako ziorik. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak emandako azken datuen arabera, guztira 880 lagun daude COVID-19arekin ospitaleraturik. Azken asteotan nabarmen malkartsua izan da goranzko kurba: duela hilabete, abenduaren 2an, 349 lagun zeuden erietxeraturik. Konparazio batera, apirilaren amaieratik gaitzarekin erietxeratutako gaixo kopurua ez da inoiz hain handia izan. ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan direnen zenbatekoa ere gora eta gora ari da, baina mantsoago. Hegoaldean 156 gaixo dira unitate horietan gaitzarekin. ZIUetan ere mugarri bat erdietsi da: maiatzetik ez da inoiz150 gaixo baino gehiago egon; atzo arte.

Halaber, osasun agintariek emandako azken datuen arabera, herenegun 125 lagun ospitaleratu zituzten COVID-19aren sintomak larriagotuta; Osakidetzaren ardurapeko zentroetan sartu zituzten horietako 101, eta Nafarroan, berriz, birusari loturiko 24 ospitaleratze izan ziren. Gainera, azken hamalau egunetako datuak oinarri, Hegoaldean eguneko 84 lagun erietxeratu dituzte batez beste. Hala, aurreko olatuetako kopuruetara hurbiltzen ari dira egungo ospitaleratze datuak. Aurtengo apirilean, esaterako, eguneko 104 lagun erietxeratu zituzten batez beste; egungo erritmoari eutsita, ospitaleratzeak laster iritsiko dira langa horretara.

Positibo tasa: %38,3

Hego Euskal Herriko osasun asistentzialaren egoera ez ezik, birusaren transmisioari buruzko datuak ere kezkagarriak dira. Osakidetzak eta Osasunbideak emandako datuek azken asteotako joera berretsi baino ez dute egin: birusa erabat oldartuta dago, eta transmisio komunitarioa, kontroletik at. Herenegun, beste 11.281 positibo atzeman zituzten Hegoaldeko lau herrialdeetan. Guztira, 29.416 PCR eta antigeno proba diagnostiko egin zituzten Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan; hortaz, positibo tasa %38,3 da.

Kutsatzeen datuen gorakada eta ospitaleratutako paziente kopuruaren hazkundea beste igoera baten iragarle izan ohi dira: COVID-19arekin hildakoena, alegia. Osakidetzak eta Osasunbideak atzo emandako datuen arabera, 58 pertsona zendu ziren Hego Euskal Herrian koronabirusak jota abenduaren 27tik urtarrilaren 2 arteko astean. Apirilaren amaieratik erregistratutako heriotza kopururik handiena da hori. Hazkundea ez da nolanahikoa, baina datuak testuinguruan jartzea komeni da. Izan ere, txertoen eraginez heriotza kopurua asko apaldu da: duela urtebete, abenduaren 28tik urtarrilaren 3rako astean, 92 lagun hil ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.