Trafikoa urritzeko eskatu du N-121-A errepidean hildako baten familiak

Mikel Manzano Altunaren gurasoek erakundeak premiatu dituzte «berehalako konponbideak» lehenestera. Laguntza eskatu diete errepide inguruko udalei, eta etzi Arartekoarekin batzartzekoak dira

Belateko tunelak, N-121-A errepidean. JON URBE / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2020ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
«Azkena izan dadila». Helburu horrekin, bilera erronda bat abiatu du Mikel Manzano Altuna gaztearen familiak, hainbat erakunde publikorekin. 21 urteko gaztea eta haren lagun bat —Xabier Taberna, 19 urteko lesakarra— Olague parean hil ziren iragan larunbatean, auto istripu batean. Bi horiekin, 31 dira azken hamar urteotan N-121-A errepidean hildakoak. Manzano Altuna sendiak konponbidea nahi du, eta ahalik eta lasterren: «Orain, ez hemendik sei hilabetera».

Gazte zenduaren gurasoek eskaera zehatza egin diote Nafarroako Gobernuari: murriztu dezala Behobia eta Iruñea arteko errepidetik igarotzen diren kamioien kopurua. «Etxeko hoditerian pitzadura bat badago eta ura irteten ari dela ikusten badugu, ez gara begira geratuko, arazoa nola konponduko dugun pentsatzen; giltza itxiko dugu lehenbizi, ura mozteko. Bada, niretzat, berehalako konponbide txiki bat izan daiteke trafiko astuna mugatzea, kamioiak txandaka pasaraziz», azaldu zuen Mikel Manzanok, Olagueko istripuan hildako gaztearen aitak, Euskadi Irratiko Faktoria saioan atzo egin zioten elkarrizketan.

Maria Txibiteren kabineteak, baina, bestelako neurri batzuk lehenetsi ditu orain arte. Aste honetan, Lurralde Kohesiorako kontseilari Bernardo Zirizak berretsi du bere departamentuak «oraingoz» mahai gainean duen aukera bakarra dela errepidea berritzea, eta 2+1 lerroko bide bihurtzea: norabide bakoitzeko errail bana, eta erdiko lerro gehigarri bat —norabide batean zein bestean, zatiaren arabera—,ibilgailuen aurreratzeak errazteko.

Auziak kalapita politikoa eragin du Nafarroan: Navarra Suma koalizioak «behin-behinekotzat» jo du aukera hori, eta Belateko errepidea autobia bihurtzeko exijitu dio gobernuari, «eta horretarako aurrekontua handitu behar bada, handitu dezatela». Gobernuak, aldiz, «koherentziarik eza» eta «oportunismoa» leporatu dizkio eskuin espainiazaleari, UPN agintean egondako 24 urteetan ez baitzuen halakorik planteatu.

Manzanoren familiak, baina, ez du eztabaida horretan sartu nahi izan: ez dituzte txartzat jotzen errepidea berritzeko eta zabaltzeko neurriak, baina uste dute trafikoa gutxitzea lehentasuna dela, eta berehalakoan lortu daitekeela: «Jarriko dira radarrak, zabalduko da errepidea... baina trafikoa gutxitu beharra dago. Konponbide txikia da, baina aldaketa handia ekar dezake».

Heldu den astelehenean Nafarroako Arartekoarekin batzartuko dira, beren aldarrikapenak helarazteko. Bestalde, laguntza eskatu diete N-121-A errepidearen inguruan dauden udalerrietako ordezkariei ere, gutun baten bidez: trafiko astuna mugatzeko eskaerarekin bat egin eta aldarrikapena «ahalik eta gehien zabaltzeko» eskatzen diete bertan udalerri horiei.

Udalen idazkia

Aste honetan, hain zuzen, Baztan, Malerreka eta Bortzirietako udalek idazki bat adostu dute, eta auzia konpontzeko eskatu diote Nafarroako Gobernuari: «Jabetzen gara errepide honek dituen zailtasunez. Batzuek hiru erraileko errepidea aipatuko dute, bertzeek autobidea, bertze batzuek finantzaketa dute gogoan, edo ondorio ekonomikoak, baina inork ez dezala ahantzi, politikara jolasten garen bitartean, herritarrak bidean gelditzen ari zaizkigula».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.