EH Bilduk hautagai ezagunen alde egin du apustu Gipuzkoan

Juan Karlos Izagirrez gain, Lohitzune Txarola, Marian Beitialarrangoitia eta Mikel Biain, barrutietako zerrendaburu

Gipuzkoako EH Bilduren foru hauteskundeetarako hautagaien taldea, atzo, Donostian. JON URBE / FOKU.
enekoitz esnaola
Donostia
2019ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Donostia aldeko barrutiko zerrendaburu, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkate izandakoa; Bidasoa-Oiartzungoa, Lohitzune Txarola Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidente ohia; Oriakoa, Marian Beitialarrangoitia Espainiako egungo diputatua; eta Deba-Urolakoa, Mikel Biain Oñatiko alkatea —2011n EAJri udal boterea kendu zioten, lehen aldiz—. Hautagai ezagunen aldeko apustua egin du EH Bilduk Gipuzkoako foru hauteskundeetarako, atzoko aurkezpenean iragarri zuenez. Ahaldun nagusi izateko hautagaia Izagirre izango da, lehendik jakina zenez. Gipuzkoako aldundian egon nahi dute berriro, 2011-2015 agintaldian bezala—Martin Garitano izan zen orduan diputatu nagusia—. Duela lau urteko bozetan, EAJ irabazleak batzarkide baten eta ia hamar mila botoren aldea atera zien. «Gipuzkoako desorekei aurre egiteko guztiz prestatuta dagoen talde bat da, jende aditua», adierazi du Izagirrek, Donostian.

Herrialdean lurralde desoreka ikusten duela dio zerrendaburuak, aldundiak Donostian gehiegi inbertitzen duelakoan. «Donostia baino askoz gehiago da Gipuzkoa». Hala, «gipuzkoar guztiak kontuan» izango dituen diputazioa nahi du EH Bilduk, «lehenengo eta bigarren mailako gipuzkoarrik gabekoa, inbertsioak lurralde osoan orekatuko dituena, eta ez denak toki berean».

Pertsona guztientzako zerbitzu eta bizi baldintza duinak bermatuko dituen politikak egitea beharrezkoa dela azaldu du Izagirrek,Gipuzkoa plazan egindako aurkezpenean. «Politika beste modu batera egin behar dugu».

EAJ, Araban

Araban egin du ekitaldia EAJk, Estarronan, eta Espainiako eskuinaren kontraesanak mahai gainean jartze aldera mintzatu zen Aitor Esteban diputatu eta Kongresurako Bizkaiko zerrendaburua. «Kontzertu Ekonomikoa ezabatu nahi duen Ciudadanos alderdiaren aurrean, estatutua bete beharrik ez dagoela esaten duen edo Ciudadanosekin joateko aukerak aztertzen ari den PPren aurrean, EAJ da aukera logikoa». EH Bilduren, Ahal Dugu-ren eta PSE-EEren aurka ere hitz egin du.

Estebanek adierazi du EAJk lortu duela 24 orduko zerbitzua berreskuratzea Forondako aireportuan (Araba), eta zerbitzu hori apirilaren 25an jarriko dela abian. «Gaur inoiz baino gehiago, EAJ da Araba eta Euskadi defendatu ahal dituena». Mikel Legarda Kongresurako Arabako buruak ere alderdi jeltzalearen kudeaketa nabarmendu du. «EAJk bermatuko du agindutako guztia beteko dela».

PSE-EEk Bilbon egin du ekitaldia. Kongresurako Arabako zerrendaburu Isabel Zelaak esan du «aurrerabidea edo iraganeko txarrenera atzera egitea» egongo dela jokoan Espainiako Gorteetarako apirilaren 28ko hauteskundeetan. Harekin batera, Patxi Lopez eta Odon Elorza hautagaiak eta Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusia ere izan dira.

Mendiak kritika egin dio EAJren «harrokeriari», «bere burua jotzen baitu Euskadiren defendatzaile bakartzat» Haren arabera, Pedro Sanchez denetik Espainiako gobernuburu, «euskal politika egonkortu» egin da, «normalizatu egin baitira Euskadiko eta Espainiako gobernuen arteko harremanak». Sanchezen «euskal agenda» aldarrikatu du.

Elkarrekin Podemosen deia

Roberto Uriarte EP Elkarrekin Podemosen Kongresurako Bizkaiko zerrendaburuak Gueñesen (Bizkaia) esan du haiena izango dela «boto erabakigarri, seguru eta arriskurik gabekoa». «Guk ez dugu Riverarekin egingo ituna, PSOEk bezala, eta PPren murrizketen aldeko politika ere ez dugu babestuko, EAJk bezala». Uste du Elkarrekin Podemosek bermatuko duela «auzi nazionala elkarrizketa jarreratik eta estatuaren ikuspegi plurinazionaletik lantzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.