Koronabirusa

Azken zazpi hilabeteetako kasu gutxien zenbatu dute Hegoaldean

Beste 284 positibo atzeman dituzte, ia 6.000 proba eginda. 492 lagun daude ospitaleraturik; horietako 139, ZIUetan

Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2021eko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Egunetik egunera, koronabirusaren transmisioaren geldotzea gero eta agerikoagoa da Hego Euskal Herrian. Indarra galtzen ari da pandemiaren hirugarren olatua; hori erakusten dute eguneko positiboen datuek. Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak eskainitako informazioaren arabera, joan den abuztuaren 4tik aitzina izan den kutsatu kopururik apalena atzeman zen igandean Hegoaldean: 284.

Hala eta guztiz ere, detektatu den kasu kopuruari erreparatzeaz gainera, aintzat hartzekoa da asteburuetan egiten den test kopurua nabarmen apalagoa dela astegunetakoarekin alderaturik: herenegun 5.066 test egin ziren; ostiralean, berriz, 9.586. Gainera, oro har, Hegoaldean egun bakarrean egiten den test kopuruaren beheranzko joera bistakoa da azken hilabetean. Otsailaren 8an, azken hamalau egunetako batezbestekoa 17.000 test zen Hegoaldean. Orain, ordea, eguneko 10.000 proba inguru egiten dira batez beste.

Zehazki, igandeko datuei so, Hegoaldean egindako proben %4,8k eman zuten positibo. Larunbatean, aldiz, %4 izan zen positiboen ehunekoa, 314 kasu zenbatuta.

Kutsatuen datuak lurraldeka aztertuta, Bizkaian detektatu zituzten kasu positibo gehien herenegun: 128. Hegoaldeko gainerako herrialdeetan, berriz, kasu kopuruak ez zuen inon gainditu 100 kasuen langa: Gipuzkoan, 72 kasu izan ziren; Nafarroan, 42, eta Araban, berriz, 41. Nafarroan erregistratutako datuari dagokionez, uztailaren 18tik izandako kutsatu kopururik txikiena izan zen foru gobernuak atzo jakinarazitakoa.

Gainera, azken datuen arabera, intzidentzia tasa 300dik behetikoa da Hegoaldeko lau lurraldeetan. Atzo arte, Bizkaia zen langa hori gainditzen zuen herrialde bakarra, baina, kasuen beherakadarengatik, tasa 294 da orain han. Araban 255 da; Gipuzkoan, 189, eta Nafarroan 123.

Atzo 22 lagun ospitaleratu zituzten Hegoaldeko zentroetan gaitzaren ondorioz; horiek guztiak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan erietxeratu zituzten; izan ere, Osasunbideak jakinarazi zuen herenegun ez zela inor eraman ospitalera foru erkidegoan. Halaber, Hegoaldeko osasun agintariek jakinarazi zutenez, 353 lagun daude ospitaleetako gela arruntetan, eta 139, aldiz, ZIUetan.

Agerraldia Santa Marinan

COVID-19aren agerraldi bat atzeman zuten atzo Bilboko Santa Marina ospitalean. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak azaldu duenez, duela hamar egun eman zuen positibo pertsona batek.

Ordutik, hainbat neurri hartu dituzte: baheketak egin dituzte gaixoen, langileen eta bosgarren solairuko laguntzaileen artean; solairu hori itxi dute, desinfektatzeko; eta kontaktu estuei berrogeialdia ezarri diete. Osasun Sailak ziurtatu duenez, baheketen eta kontaktuen jarraipenaren bidez lortu dute positiboak identifikatzea, baina ez dute jakinarazi zenbat pertsona kutsatu diren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.