Eraso homofoboa indar osoz arbuiatu du Basaurik

Milaka pertsona batu dira herriko gazte batek larunbatean jasandako erasoaren aurkako manifestaziora

Jende andanak Basauriko kaleak bete zituen atzo arratsaldean. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Iñaki Agirre Perez.
2021eko ekainaren 11
00:00
Entzun
Bizkotxalde plazan, larunbat gaueko eraso homofoboa jasan zuen leku berean, herri oso baten babesa jaso zuen atzo Ekain Perrino gazte basauriarrak. Txalo eta oihuen artean, Basaurik (Bizkaia) argi adierazi zuen homofobiak ez duela lekurik bere kaleetan, eta milaka pertsona bildu zituen manifestazio batekin jakinarazi zuen eraso bakoitzak erantzuna izango duela.

Euskal Herriko hainbat lekutan homofobiaren aurka egin ziren protesten epizentroa izan zen Basauriko manifestazioa. Amaierako ekitaldian, E28 Koordinakundeko kide batek hartu zuen hitza, han bildutako guztien izenean Perrinori elkartasuna adierazi eta 23 urteko gazteak jasandako erasoa gaitzesteko: «Erantzun egin behar dugu, eta gure gizartea leku seguruago bihurtzen lagundu behar dugu, urteko egun guztietan». Halaber, erakunde publikoentzako mezu zuzen bat ere bidali zuen: «Ez da nahikoa argazki batean jartzea, komunikatu bat egitea edo balkoi batean bandera bat jartzea gaitz sozial hori serioski hartzen ez badute».

Eraso homofoboa larunbat gauean gertatu zen, 02:30ean. Perrino lagun batzuekin plazan zegoela, beste gazte bat iraintzen hasi zitzaion, eta gero irainak kolpe bilakatu ziren. Hamahiru gizonen artean jipoitu zuten azkenean, «marikoi zikina» eta bestelakoak oihukatuz, eta konorterik gabe utzi zuten. Erasotzaileek ihes egin zuten, baina Poliziak dagoeneko haietako bederatzi identifikatu ditu.

Perrinok hedabideen aurrean hitz egin zuen asteazkenean, eta berari gertatutakoa salatu beharra azpimarratu zuen: «Orain hemen nago, zer gertatu den kontatzeko, batez ere berriz ere gerta ez dadin». Erasoaren ostean jasotako babes guztiari esker «poliki-poliki burua altxatzen» ari dela jakinarazi zuen, eta larunbatean inguruan zeuden gazteei eskatu zien ikusitakoa Ertzaintzari kontatzeko.

Erakundeen arbuioa

Eusko Legebiltzarreko talde guztiek bat egin zuten atzo eraso homofoboa salatzeko, eta EAJk, EH Bilduk, Elkarrekin Podemos-IUk eta PP+Cs-ek adierazpen bateratu bat kaleratu zuten beren «arbuio indartsuena» agertu eta fiskaltzari ofizioz jarduteko eskatzeko.

Horrekin batera, kaleratutako oharrean Vicente Vadillo Santamaria Francis izan zuten gogoan, haren hilketaren 42. urteurrena dela eta. Francis Espainiako Poliziak erail zuen tiro batez, Errenterian (Gipuzkoa), 1979an, eta haren hilketak «euskal LGTBI mugimenduaren hasiera» ekarri zuela gogoratu zuten alderdiek.

Arartekoak ere arbuiatu du eraso homofoboa, ohar bidez, eta azpimarratu du halakoak «demokrazian onartezinak» direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.