Zahar etxe publikoetako baldintzak eskatu dituzte pribatuetan

Bizkaiko ehunka langilek greba egin dute lan itun duin bat eskatzeko. ELAk eta LABek deitu dute protestara

LABen protesta Bizkaiko Batzar Nagusien egoitzaren aurrean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Javi West Larrañaga.
Bilbo
2021eko abenduaren 15a
00:00
Entzun
«Zer izango ote da?», galdetu zion Olentzerok langileari burlaka, oparia zabaltzen zuen bitartean. «Ordezkapenak etetea!». Barrezka hasi dira gainerako langileak. Halaxe egin zuen protesta ELA sindikatuak Bizkaiko Foru Aldundiaren jauregiaren aurrean atzo, 11:30ean, Bizkaiko zahar etxeen egoeragatik. Olentzeroz jantzitako langileak Unai Rementeria ahaldun nagusiaren maskara jarri zuen, eta Mari Domingik, Sergio Murillo Gizarte Ekintza diputatuarena. Kaleratzeak, txanda bikoitzak, soldata izozketak eta ratio txikiagoak izan ziren biek langileei eman zizkieten oparietako batzuk. «Langile gutxiago? Ba, jakina, pila bat zarete, eta beti potrojorran zaudete!», bota zien Olentzerok bozgorailutik.

LABek ere protesta egin zuen, Bizkaiko Batzar Nagusien egoitzaren aurrean, ordubete lehenago. Sindikatu biek egin diote deia aldundiari negoziazioari berriro ekiteko, lan hitzarmen berria adostu ahal izateko. Adierazi dute urte eta erdian egindako hamar negoziazio bilerek ez dutela eman emaitzarik.

Sektore publikoko langileen lan baldintza berak nahi dituzte, eta ratioak «bidezkoak eta duinak» izatea. Sindikatu biek deitoratu dute egiten diren kontratuen ehuneko handi bat aldi baterakoak eta lanaldi partzialekoak izaten direla. Aspaldian lan baldintzek okerrera egin dutela salatu dute bi sindikatuetako langileek. Olentzeroz mozorrotutako langileak sektorearen pribatizazioarekin lotu ditu baldintza eskasak, «dirua irabaztea delako helburua». Marta Olazabal langileak adierazi du laneko bajak ez dituztela betetzen. «Egun batean norbait agertzen ez bada, besteok egin behar dugu lan hori».

Gakoa, langile taldea

LABeko Monica Rojok hogei urte daramatza sektorean lanean, eta berak ere adierazi du nabaritu duela lana zaildu zaiela azken hamar urteotan: «Orain menpekotasun askoz handiagoarekin datoz gurera, eta, gainera, pandemian ez dute indartu langile taldea». Rojoren arabera, goiz batean zaintzaile batek hogei egoiliar altxa ditzake. «Arretaren kalitatea okertu egin da; orain, ia ez gara iristen oinarrizko arreta ematera ere ez».

Zaintzaren kalitateak okerrera egin badu ere, Rojok azpimarratu du arreta langileengan ere jarri behar dela, giharretako eta hezurretako arazoak izaten dituztelako, arazo psikologikoez gain. «Mutualitateek ez dute onartzen lanarekin lotura dutenik. 'Artrosi hereditarioa da', esaten digute». Uste du langile gehiago kontratatzea dela konponbidea, egoiliar bakoitzari denbora gehiago eskaini ahal izateko.

Gainera, Eusko Jaurlaritzaren Lan eta Enplegu Sailaren jarrera salatu dute, %100eko gutxieneko zerbitzuak ezarrita greba eskubidea «urratu» duelako. «Abenduaren 9an, sektoreko langileak Eusko Jaurlaritzaren aurrean bildu ginen, Lan Sailari eskatzeko grebarako eskubidea errespeta dezala, baina ez dute egin», esan du ELAko Irune Cerezok. Gauza bera azpimarratu du Olazabalek: oporretan dagoelako joan ahal izan da protestara; Beste batzuk, berriz, arratsaldeko eta gaueko txandak dauzkatelako.

LABeko ordezkari Ane Escondrillasek adierazi du jarraituko dutela mobilizazioekin, grebekin eta «beste borroka moldeekin», egoeraren arabera. Era berean, ELAk esan du datozen hilabeteetan hainbat greba egun egongo direla.

Babestu Bizkaia senideen elkarteko kideak protesta bietan egon ziren. 2016an sortu zen elkartea, zahar etxeetako langileentzako baldintza hobeak eskatzeko eta beste eredu bat aldarrikatzeko. Hartako kide Iraide Urrizek adierazi du egoiliarren familiakoek ere lagundu behar dietela langileei haien eskaerekin. «Greban hasi zirenean, jabetu ginen ez genuela haserre egon behar langileekin, baizik eta haiei lagundu, baldintza onak badituzte zaintza hobea izango delako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.