Esari buruzko azken ebazpenak ere ezin du bermatu segurtasuna

Madrilek eskatutako txostena 2021eko apirilekoa bada ere, Nafarroako Gobernuak dio «aurtengo uztailean» jaso zuela

Esako urtegiko presa gaur egun. JESUS DIGES / EFE.
Ion Orzaiz.
2022ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Esako urtegiaren segurtasuna «ustezkoa» da. Fede kontua. Hori ondoriozta daiteke Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikoko Ministerioaren zigilua daraman azken ebazpena irakurrita. Zera irakur daiteke, adibidez, ondorioen atalean: «Egonkortasunari eragiten dioten faktoreen ziurgabetasuna dela eta, oso zaila da frogatzea egungo baldintzak segurtasun faktore onargarri baten gainetik daudela». Eta bi paragrafo beherago: «Hainbeste dira kasu honetan argitu gabe daudenak, ezin baitira ziurtzat jo segurtasun koefiziente bat lortzeko kalkulu edo modelizazioak».

Hala eta guztiz ere, txostenaren egileek —Espainiako Bide, Ubide eta Portuen Ingeniarien Elkargoak— ez dute eragozpenik antzeman urtegia handitzeko lanei segida emateko. «Uste dugu hegalaren segurtasun faktorea 1 baino handiagoa dela». Uste horretan oinarritu dute urteetako atzerapena eta ehunka milioiko gainkostua pilatu duen azpiegitura erraldoi bati emaniko oniritzia.

Segurtasun faktore eskasa

Zer da, baina, 1eko segurtasun faktorea izatea? Geologoen arabera, 1eko faktore horrek esan nahi du Esako urtegiaren eskuin magala irristarazten duten indarrak eta hari eusten diotenak parekoak direla. Oreka zorrotza edo oreka hertsia izena eman diote egoera horri.

Auzia horrela azaldu zuen Zaragozako Unibertsitateko geologo Antonio Casasek 2020an, Nafarroako Hitza-n: «Esako urtegiko eskuineko hegala ez da egonkorra; mugitzen ari da, eta 2013tik, inoiz ez da egonkorra izan. Orekan dela esanda, herritarrek uler dezakete ez dela arazorik; baina oreka zorrotzean egoteak esan nahi du abiadura iraunkor batean mugitzen ari dela; hori arriskutsua da».

Etxe baten eraikuntzarekin egin zuen alderaketa: «2,5eko segurtasun faktore bat jotzen da egokitzat etxe baten eraikuntzan. Imajinatu esaten dizutela segurtasun faktoreaz ahazteko; esaten dizutela etxean egon edo ez erabakitzeko, so eginen diotela habea konkortzeko abiadurari. Inoiz ez genuke horrelakorik onartuko». Geologoaren ustez, baina, «habea hasieratik konkortua duen etxe bat» da Esako urtegia.

Orain azaleratutako ebazpenean, ingeniarien elkargoak aitortu du Esako eskuin hegala mugitzen ari dela, «baina oso mantso». Hala ere, 2,5eko segurtasun faktorea ez, 1etik gora dagoen edozein «onargarritzat» jo du: «Badago nahikoa kontsentsu 1,25eko segurtasun faktorea arrazoizkotzat jotzeko, hegala baldintza estatikoetan balego [...]. Antzeko kasuetan, 1,1ekoa ere onartu izan da». Egoera prekario horren argitara, txostenaren egileek planteatzen duten konponbide bakarra da urtegia betetzeko probak «kontu handiz» egitea, pixkanaka, «atzera egiteko aukera emanez». BERRIAk kontsultatutako iturren arabera, ordea, ezinezkoa da halakorik egitea: «Materialek kohesioa galtzean, ez dago atzera egiterik. Probak ongi eginda ere, materialak ez dira izanen hasierako egoera berean».

Urtebete tiraderan sartuta

Orain azaleratutako ebazpenak hautsak harrotu ditu Nafarroan. Espainiako Trantsizio Ekologikoko Ministerioak 2018an egin zion eskaera Bide, Ubide eta Portuen Ingeniarien Elkargoari, eta erakunde horrek 2021eko apirilean entregatu zuen txostena. Ordutik, baina, tiradera batean gordeta egon da: aurtengo otsailean, auziaz galdetuta, Espainiako Gobernuak aitortu zuen iazko ekainean jaso zuela ebazpena, eta Nafarroako Gobernuari eta Ebroko Ur Konfederazioari igorri ziela. Maria Txibiteren gobernuak, baina, ukatu egin zuen txostena jaso izana.

Atzo, Jose Maria Aierdi lehendakariordeak azaldu zuen «uztailaren 25ean» izan zutela Esaren egoerari buruzko ebazpenaren berri, eta «txostena jaso eta berehala» Lurralde Kohesioko Departamentuari eta Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuari igorri zietela. «Oraintxe, xehe-xehe ari dira egiten ebazpenaren azterketa teknikoa, eta, horri esker, gure teknikarien irizpideen araberako balorazioa egin ahalko dugu». Aierdik aurreratu zuen ministerioaren txostenean «egokitzat» jotzen direla «urtegiaren segurtasun estandarrak», baina Nafarroako Gobernuaren ardura dela «iritzi hori berrestea edo ez».

EH Bildu eta Geroa Bai taldeek «kezka» adierazi dute Esako segurtasunari buruzko txostenaren gainean. EH Bilduk, adibidez, Espainiako presidenteorde Teresa Riberaren «premiazko agerraldia» eskatu du Espainiako Kongresuan, azalpenak eman ditzan. Txostena «behin eta berriro ezkutatzea» eta informazioa ukatzea leporatu die Bel Pozueta diputatuak Espainiako eta Nafarroako gobernuei.

Geroa Baiko senatari Koldo Martinezek, berriz, «ezinegona» agertu du presaren segurtasunaren inguruan: «Txostena irakurrita, erantzun gabeko galdera asko dauzkagu. Ondorioei eskainitako hamaika orrialdeetan, adibidez, hamalau bider errepikatzen da ziurgabetasun hitza. Urtegiaren segurtasunari buruzko zalantzak argitzeko eginiko ebazpen bat izanda, ziurtasun handiagoa espero genuen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.