ANALISIA

Euskara: iragarritako atzerakada

ALBERTO ESTEVEZ / EFE

Garikoitz Goikoetxea -

2018ko ekainak 29

Geldialdi zantzu kezkagarriak agertu dira euskararen osasunari buruzko hainbat neurketatan: erabileran, adibidez, geldialdia ageri da etxean, eta, areago, atzerakada zantzuak kalean. Hezkuntza izan da euskararen biziberritze prozesuaren oinarria, eta han ere kezkatzeko datuak hasi dira azaltzen: Eusko Jaurlaritzak ohartarazi du «mantsotzen» ari dela ikasleen euskalduntzea. Kezkatzeko datua, bai, baina inor gutxi harrapatu duena ezustean. Hizkuntza politika eraberritu beharra gero eta gehiago aipatzen den garaiotan, beste argudio bat jarri du mahai gainean hezkuntzako ebaluazioak: ikasleen ia erdiek ez dute gutxieneko euskara mailarik, eta eskolan lortzen dutenak orain hamar urte baino gutxiago dira.

Bi urtean behin egiten dute ebaluazio diagnostikoa Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxeetan: Lehen Hezkuntzako laugarren mailan eta DBHko bigarrenean. Bi mailetako ikasle guztiek parte hartzen dute, eta, beraz, fidagarritasun handieneko ikerketa da. 2017ko ebaluazioaren emaitza aurkeztu zuen herenegun Jaurlaritzak. Bada berritasun inportante bat: emaitzekin batera, aurrekoetan baino azterketa sakonagoa aurkeztu du ISEI Irakats-Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundeak; besteak beste, euskara datuen analisi sakonagoa.

Datuak aztertzerako, argi dago oinarri bat: eskolak ez balu egin horrelako ekarpena, euskaldunen kopurua ez zen gisa horretan haziko, ezta hurrik eman ere. Agerikoa da urteotako ahaleginaren emaitza. Baina egiteko dagoena ez da txikia.

Bost ikasleko taldea hartuta adibide, hauxe da egoera: batek etxean jasoa du euskara; bik, eskolan; eta beste bik ez dute gutxieneko maila lortu. Bestela esanda: etxetik ikasi gabekoen erdiak euskalduntzen dira eskolan, eta erdiak, ez.

Garai berezian datoz, gainera, ikasleen euskalduntzeari buruzko datu horiek: aste honetan bertan, Jaurlaritzak legebiltzarraren esku utzi du hezkuntza legea egiteko oinarrizko txostena, adituen eta eragile batzuen iritziak biltzen dituena. Hizkuntzari buruzko gaiak daude tartean; besteak beste, proposatu dute oinarrizko eskolaldian euskarazko B2 maila izatea helburua. Hain justu ere, irizpide horren araberako azterketa egin du ISEIk. Ondorioa argia da: ikasleen %45ek ez dute B2 maila DBHko bigarren urtean, eskolaldia amaitzeko bi urte falta dituztela. Maila hori lortu gabe bukatzen dute gehienek DBH.

Aurretik jakina da, beraz, euskarari buruzko helburu horiek betetzetik urruti dagoela Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza. Legea taxutzen hasiko dira orain. ISEIren ikerketan oinarrituta, joko zelaiaren lau erpin behintzat seinala daitezke.

Lehen erpina: helburu horiek lortzea ezinezkoa da A eta B ereduetan. Urtez urteko ebaluazioek argi diote, eta oraingoak ere berretsi du: bi eredu horietako ikasle gehien-gehienek ez dute lortzen gutxieneko euskara maila. Eredu horietako ikasle ia guztiek ez dute harremanik euskararekin eskolatik kanpo; haiekin du zentzu erabatekoa murgiltzeak.

Bigarren erpina: D eredua ez da arazo guztien sendabide automatikoa. Adierazgarria da Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariak Ibilaldian egindako oharra: «Ezin dugu bertan goxo egoten jarraitu D ereduan gero eta haur gehiago matrikulatzen direlako. Matrikulazio datu hori gorabehera, gure ikasleen ezagutza maila ez dela hobetzen ari». Hori dio ISEIren ikerketak: D ereduan bertan jaisten ari dira emaitzak. Faktore bat: ikasle gehiago dago, eta soslai ezberdinekoak, batez ere sare publikoan —indize sozioekonomiko apaleko ikasle gehiago joaten dira D eredura—. Jaitsiera hein batean azal dezake horrek, baina ez erabat ere, areago kontuan izanda D ereduko ikasleen artean gero eta gehiagok jaso dutela euskara etxean.

Hirugarren erpina: aldatu egin da egoera, eta erantzunak moldatu behar dira. Jaurlaritzak jakinarazi du aditu batzorde bat osatu duela, eta proposamenak aztertzen ari direla. Hezkuntza legerako dokumentua landu duten adituek ohartarazia dute hutsune batzuez: metodologia zaharkituak, euskaraz eroso egiten ez duten irakasleak, prestakuntza soziolinguistiko falta... Gakoa, eragile askoren eskaria: hizkuntzei buruzko planteamendu integral bat. Eta hor euskarak izan behar du oinarria, ardatza.

Eta laugarren erpina: dena ezin da utzi eskolaren gain. Ikasleak euskalduntzea lantegi zaila da, eskola bada euskararekin duten erlazio bakarra. Maila bat lortuta ere, zail da erraztasuna eta motibazioa izatea euskaraz egiteko. Eskola bai. Baina ez eskola soilik.