Koronabirusa

Nahasmena sortu dute txerto kopuruei buruzko datu kontrajarriek

Kanpainen «normaltasuna» nabarmendu dute Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak, baina Espainiak datu apalagoak eman ditu. Birusaren transmisioa gora ari da Hegoaldean: 627 kasu gehiago

Txertaketa kanpainaren lehen eguna, Hondarribian. GORKA RUBIO / FOKU.
Ion Orzaiz.
2021eko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Ez datoz bat. COVID-19aren aurkako txertaketa kanpaina hasi zenetik astebetera, lehen datuak eman zituzten Hego Euskal Herriko administrazioek astelehenean [Ipar Euskal Herrian bihar dira txertaketa hastekoak]: Eusko Jaurlaritzak jakinarazi zuen txertoaren 6.000 dosi jarriak zituela jada (jasotakoen %75), eta Nafarroako Gobernuak, berriz, 1.835en berri eman zuen (%26,3). Ia 8.000, guztira. Espainiako Osasun Ministerioak, baina, datu propioak eman ditu bere webgunean. Eta ez datoz bat Jaurlaritzak eta Nafarroak emanikoekin.

Ministerioaren arabera, jarritako txerto guztiak automatikoki azaltzen dira pazienteen historia klinikoan, eta gero, informazio hori igortzen da RegVacu izeneko plataforma digitalera. Webgune horretan, baina, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak zenbatutako dosiak baino askoz gutxiago azaltzen dira: horren arabera, 396 txerto jarri dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan (%1,3), eta 1.583 Nafarroan (%22,7).

Horren harira, ohar bat argitaratu du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Horren arabera, Espainiako Osasun Ministerioaren txostenean azaltzen den datua «okerra» da, eta lehen eguneko dosiei dagokie soilik. Abenduaren 27an jarritakoei, alegia. Astelehenean esanikoari eutsi dio Osasun Sailak: hau da, 6.000 txertotik gora jarri dituela, eta txertaketa kanpaina «normaltasunez» egiten ari direla zahar etxeetan. Datu kontrajarriei dagokienez, berriz, Jaurlaritzak azaldu du desadostasunaren jatorria izan daitekeela «informazioa eguneratzeko data ezberdinak» erabili izana.

Nafarroako Gobernuak adierazi du txertaketaren lehen astea «ezohikoa» izan dela, eta kanpainaren «programazioa, logistika eta banaketa findu» behar izan dituztela. Hala ere, Mari Carmen Maeztu Eskubide Sozialetako kontseilariak esan du Nafarroako zahar etxeetako egoiliarren eta langileen %95ek baiezkoa eman diotela txertoa jartzeari. Gobernuak ziurtatu du «jasotako txerto guztiak» jarriko dituela datozen asteetan. Zehazki, 6.000 txerto jarri nahi dituzte astean: mila dosi, egun bakoitzeko. Hala, martxo bukaerarako 36.000 pertsona immunizatu nahi dituzte.

Transmisioa, gora

Oraingoz, txertoa baino askoz azkarrago ari da hedatzen birusa Hego Euskal Herrian, eta aldagai ia guztietan nabari da igoera. Astelehenean, 9.055 PCR eta antigeno proba egin zituzten Osakidetzak eta Osasunbideak, eta, horietatik, 627k eman zuten positibo, bezperan baino 177 gehiagok. Positibo tasa %6,9 da oraintxe. Herrialdeka, 82 kasu atzeman zituzten Araban (bezperan baino 43 gehiago); 228 Bizkaian (40 gehiago); 169 Gipuzkoan (37 gehiago) eta 147 Nafarroan (59 gehiago). 53 pertsona ospitaleratu zituzten astelehenean, eta 87 urteko emakume baten heriotzaren berri eman zuen Nafarroako Gobernuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.