Maravillas gaztetxearen kontrako epaiketa udazkenera atzeratu dute

Nafarroako Gobernuak kalteak zehazten dituen txosten berri bat aurkeztu du lehen auzi saioan

Hainbat gazte epaiketa aitzinetik, Maravillas gaztetxearen aldeko kontzentrazioan, atzo. IDOIA ZABALETA/ FOKU.
Ainhoa Larretxea Agirre.
Iruñea
2019ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Atzo goizean zen hastekoa Maravillas gaztetxeko 22 kideren kontrako epaiketa Iruñeko 4. Instrukzio Epaitegian. Auzi saioa hasi eta berehala, ordea, udazkenera arte atzeratzea erabaki zuen epaileak. Prozesuan akusazio partikularra den Nafarroako Gobernuak txosten berri bat aurkeztu du Rozalejoren jauregian egin diren kalteak xeheki zehaztuz. Idazkian datu berriak daudela eta, defentsako abokatuek txostena aztertzeko denbora eskatu dute, eta epaileak epaiketa atzeratzea erabaki du. Datorren udazkenean eginen da.

22 gazte daude auzian inputatuta. Usurpazio delitu arina egozten diete, eta isun ekonomikoa jaso dezakete. Gaztetxeko kideek adierazi dutenez, gobernuak 70.000 eurotik gorako isuna eskatu du akusatuentzat. 36.000 euro erantzukizun zibilari dagozkionak lirateke. Gainontzeko diru kopurua, berriz, Rozalejoren jauregian sortutako kalte materialengatik litzateke.

Defentsako abokatuen arabera, auzibidea hasi zenetik izan du aukera gobernuak atzo ezagutarazitako idazkia aurkezteko: «Iragarria zuen txosten bat aurkeztuko zuela horri buruz. Abenduan esan zuen hori, eta gaur, epaiketa egunean aurkeztu du. Denbora eta bitartekoak izan ditu lehenago egiteko». Gobernuari «fede txarrez» jokatzea leporatu diote, eta akusatuak babesteko eskubiderik gabe uztea. Abokatuen arabera, ez da bidezkoa horrelako txosten bat aurkeztea epaiketaren egunean.

Akusazio partikularrak eskatutako zigorrei buruz ere mintzatu dira abokatuak. Salatu dute eskaera guztiz «bidegabea» dela eta gazteria kriminalizatzeko nahia dagoela atzean.

Gaztetxeko kideek ere Nafarroako Gobernuaren jarrera salatu zuten atzo, epaitegitik atera berritan. Gazteen arabera, ez da kasualitatea izan txostena epaiketa egunean aurkeztu izana. Erabakiak hauteskunde kanpainarekin zerikusi zuzena duela salatu dute. Gobernuaren idazkian aipatzen diren kalteak gobernuak berak hustean sortutakoak direla salatu dute Maravillaseko kideek. Gaineratu dute Polizia gaztetxera sartu zenean han zegoen materiala eraman zuela, eta oraindik ez dietela itzuli.

Epaiketa aitzinetik, kontzentraziora deitu zuten gaztetxeko kideek. Epaiketa guztien gainetik Maravillas herriarentzat pankartaren atzean dozenaka lagun elkartu ziren auzipetuei babesa adierazteko. Musika instrumentuekin bertaratu ziren kontzentraziora, eta hustearen kontrako abestiak kantatu zituzten.

Bi aldiz hustuta

Iazko abuztuaren 18an hustu zuten lehenengo aldiz Maravillas. Polizia goizaldean sartu zen gaztetxera, eta babesa ematera bildu ziren gazteen aurka jo zuen. Iluntzean, ordea, berriro sartu ziren gazteak barrura. Urtarrilaren 19an, azterketa tekniko bat egin behar zutela argudiatuta, Poliziak hustu egin zuen gaztetxea. Ondoko egunetan hainbat protesta egin zituzten hustea salatzeko, eta Poliziak gogor erantzun zuen mobilizazioetan parte hartu zutenen aurka. Gaztetxeko kideak Rozalejoren jauregira sartu baziren ere, alde egin zuten. Nafarroako Gobernuak porlanez itxi zuen atea, eta, egun, horrela jarraitzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.