Hazkundea moteldu arren, EBZk baikor jarraitzen du

Draghik baieztatu du abenduan amaituko dela zor erosketa masiboa, eta ez dituztela interes tasak aldi luze batez igoko

Mario Draghi, atzo, EBZren Frankfurteko egoitzan. ARMANDO BABANI / EFE.
Iker Aranburu.
2018ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Bai, ekonomiaren hazkundea moteltzen ari da, eta pixka bat gehiago motelduko da hurrengo urteetan. Baina lasai, ez da krisirik zerumugan, sustrai sendoak baititu euroguneko ekonomiak, barne kontsumoari esker batik bat. Langabezia jaisten ari denez —9,1 milioi enplegu sortu dira 2016tik—, eta sektore askotan soldatak azkenean igotzen ari direnez, motor horrek funtzionatzen jarraituko du. Mezu hori eman zuen atzo Mario Draghi Europako Banku Zentraleko presidenteak, eta hitzak ekintzekin osatu zituen. Ekintza faltarekin, argiago esatearren, EBZ ez baita milimetro bat urrundu udaren hasieran iragarritako bidetik. Hau da: urrian 30.000 milioi eurotik 15.000 milioira txikituko du hilero egiten duen zor publikoaren eta pribatuaren erosketa, eta abenduan amaituko du 2015eko urtarrilean hasitako programa.

APP Aktiboak Erosteko Programa EBZren bi arma nagusietako bat izan da euroguneko ekonomiari bultzada bat emateko eta, bide batez, gobernu batzuen finantzaketa arazoak konpontzeko. Beste tresna inportanteenainteres tasak zerora jaistea izan da —2016ko martxoan, hain zuzen ere—. Neurri horrek gehiago iraungo du, 2019ko udara arte, behintzat. Edonola ere, merkatuetan mugimendu txiki bat antzematen hasi da azken hilabeteetan, eta, tasa negatiboetan jarraitzen duen arren, Euriborrak goranzko bidea poliki hartu du:-%0,19an zegoen maiatzean eta-%0,166an zegoen atzo.

Zor erosketa masiboa abenduan amaituko bada ere, haren eraginak hurrengo urteetan ere ikusiko direla nabarmendu du EBZk. Izan ere, bere kutxetan pilatutako zorra berriro inbertitzeko asmoa dauka banku zentralak. Ez da diru gutxi, 183.000 milioi euro hurrengo hamabi hilabeteotan.

Neurri horrekin eta interes tasa apalekin «hazkundea errazteko politikarekin» jarraituko duela aldarrikatu zuen atzo Draghik, EBZren gobernu kontseiluaren bileraren ostean. Eta hazkundeak hurrengo urteetan jarraitu egingo duela iragarri zuen, iazko %2,5 «handi» horretara iritsiko ez bada ere. Laino arriskutsuak— «ezegonkortasun faktoreak», haren hitzetan— badirela onartu zuen, horien artean nagusia, «protekzionismo gero eta handiagoa». Donald Trumpek piztutako gerra komertzialen eragina kontuan hartu du EBZk bere aurreikuspenetan — esportazioek ekarpen txikiagoa egingo diote ekonomiari—, eta, horregatik, hazkunde aurreikuspena ekaineko %2,1etik iraileko %2ra jaitsi du. Datorren urtekoa ere hamarren bat txikitu du —%1,8ra—, eta bere horretan utzi du 2020koa —%1,7—.

Euskal Herrira ere iristen ari da moteltzea. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %3,1etik %2,8ra jaitsi zen hazkunde erritmoa urteko lehen hiruhilekotik bigarrenera, eta Jaurlaritzak onartu du hurrengo hiruhilekoetan gehiago murriztuko dela. Nafarroan ez zen antzekorik gertatu —are gehiago, %3,3tik %3,4ra igaro zen—, baina urtearen bigarren erdian «nolabaiteko moteltzea» izango dela onartu zuen atzo Manu Aierdi Ekonomiaren Garapenerako lehendakariordeak.

Kutsadurarik ez

Protekzionismoari buruzko kezka azaldu zuen Draghik, baina askoz gutxiago beste ezegonkortasun faktoreekin, hala nola Turkiako eta Argentinako krisiekin, eta Italiako arrisku sariaren igoerarekin, «ez delako oraindik kutsatu». Lehman Brothersen porrotaren hamargarren urteurrenean, Draghik aholku bat eman zien gobernuei: interes tasa apalak eta hazkundea baliatu beharko lukete zorra gutxitzeko eta erreserbak pilatzeko, garai txarrak datozenerako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.