Nora Baños. Islamofobiaren Kontrako Elkarteko idazkaria

«Erradikalismoak ez du loturarik gurekin»

Gizarte homogeneo batean topikoak hautsi egin behar direla uste du Bañosek. Buruzapia eramateagatik egunerokoan baztertuta sentitzen dela dio: «Nire kultura katalana da, eta erlijioa, berriz, musulmana».

DANI CODINA.
Saioa Baleztena Rudi.
Bartzelona
2017ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Kataluniako Islamofobiaren Kontrako Elkarteko idazkaria da Nora Baños (Calella, Herrialde Katalanak, 1994). Bartzelonanlarunbatean izandako manifestazio jendetsuan beste bat izan zen. Rambletako eta Cambrilseko atentatuen harira solastatu daBERRIArekin.

Atentatuen ostean, anitz hitz egin da musulmanez eta integrazioaz.

Bai. Izugarri harritzen nau jendeak, oraindik ere, integratuta nagoen edo ez galdetzen didanean. Integratuta non? Hemen jaio naiz! Arazoa izan da gizarte plurala azpimarratzen duela jendeak, eta horrek oharkabeko segregazioa ekarri du. Kontzeptuak aldatu beharko lirateke, eta gizarte pluralaz hitz egin ordez, gizarte pluralizatzailea sustatu beharko litzateke. Integrazioaz hitz egiten dugunean, zuzenean marrazten dugu gizarte singular eta homogeneo bat; kultura eta erlijio desberdinen arteko banaketa eraginez. Horrela sortzen dira topikoak eta estereotipoak; eta gizarte plurala izateko modu bakarra da topikoak haustea. Kulturen eta erlijioen arteko eztabaida sustatzen da.

Atentatuen harira, eraso islamofobikoak areagotu al dira?

Egia esan, ni lasai nago, beldurra nuen arren, kontrakoa gertatu zaidalako: babes mezuak jaso ditut barra-barra. Aldiz, egunerokoan, diskriminatuta sentitzen naiz, buruzapia eramateagatik baztertzen nautenean, ramadana egiteagatik kritikatzen nautenean, eta beste hamaika alditan. Ezinbestekoa da gazteak boteretzea; ez bakarrik gazte musulmanak baizik eta gazteak, oro har.

Komunitate musulmanaren erantzuna erabakigarria izan da. Nola bizi izan duzu?

Hein batean, sentitu dugu musulmanak garen heinean azalpenak eman behar genituela. Horregatik atera gara kalera, gure izenean egin zen erasoaren kontra ginelako erabat. Hala ere, hedabideek egoera manipulatu dute, eta, funtsean, guk ez dugu zertan azalpenik eman; erradikalismoak ez du gurekin zerikusirik, eta hori argi utzi behar da.

Komunitate musulmanaren elkartasunak eragotz dezake erradikalizazioa?

Zoritxarrez, uste dut hori ez dagoela hainbeste komunitate musulmanaren esku bakarrik, baizik eta gizarte osoaren esku. Halako gauzak ez dira gertatuko segregazioa bukatzen dugunean. Ibilitako bidea desegin beharko genuke, pluraltasuna sustatzen duen eztabaida berri bat sortuz.

Mossoen jarrera txalotua izan da egunotan. Eztabaidagarria iruditzen al zaizu jihadistak hil izana?

Hori pentsatu dut nik egunotan: zergatik hil dituzte? Ni ez naiz ausartzen mossoen legeak eta protokoloak zalantzan jartzera, are gutxiago hiritarren osotasuna arriskuan jartzen duten pertsonez ari garenean. Baina atentatu hauetan ikusi dugu mutil gazteak zirela, eta, haien perfila ikusita, nire ustez erailtzeak ez luke izan behar segurtasun indarren erronka. Haiekin lan egiteko aukera bat galdu da, gizarteratzeko. Ez dut uste heriotza denik irtenbidea.

Noizbait erran izan duzu atentatuen atzetik gorbatadun zuriak daudela. Zergatik?

Denok baitakigu nork trafikatzen duen armekin, eta zergatik sustatu diren gerra hauek. Atentatuen eragilea ez da erlijioen arteko borroka, baizik eta botere interesak. Pena ematen dit oraindik ere gizartean jendea egotea pentsatzen duena islama dela atentatuen erruduna. Saudi Arabian irakurketa jakin batzuk debekatu dira pertsona eskolagabeak bilatzen dituztelako, haiekin euren apetaren arabera jokatzeko. Eta okerrena da lortzen ari direla. Erronka nagusia, beraz, gorbatadun zuriei tokirik ez uztea da…

Felipe VI.a erregeari horregatik egin zioten txistu.

Gizartearen arbuioa ulertzen dut, eta bat egiten dut. Saudi Arabiako agintariei lotsarik gabe armak saltzen egon ondoren, lotsagarria da terrorismoa sufritu duten pertsonei doluminak ematea. Are gutxiago, manifestazioan parte hartu zuten hiritar asko ez badira monarkikoak.

Zein iritzi duzu alderdi politikoek islamarekiko duten jarreraz?

Zoritxarrez, alderdi ezkertiarrak sarri emigrazioaz aprobetxatu dira botoak irabazteko. Zenbaitetan, belodun emakume bat atera dute, adibidez, komunitate musulmana erakartzeko. Honekin ez dut esan nahi alderdi guztietan hori gertatzen denik, baina historikoki ohikoa izan da joera hori. Kontua da komunitate musulmana, gehienbat gazte musulmanak, ez garela ordezkatuta sentitzen. Eta hori arazo larria da, hori baita gure gizartea aldatzeko dugun baliabide bakarra.

Katalunian jaiotako musulmana zara. Zein da zure jatorria?

Aita arabiarra da jaiotzez, baina 16 urte zituenean etorri zen Bartzelonara, bizimodu hobeago baten bila. Orain 57 urte ditu, eta, nire ustez, hura hemengoa da. Ama katalana dut, eta ni hemen jaio eta bizi izan naiz betidanik. Marokon behin bakarrik izan naiz, sei urte nituenean. Musulman-katalana naiz. Nire kultura hemengoa da, katalana, eta erlijioa, berriz, musulmana. Kataluniako edozein hiritarren heziketa bera jasotzen dugu guk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.