Pastor
DARWIN ETA GU

Zenbat gara?

2018ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Nazionalisten kontra egin du Frantziako presidente Emmanuel Macronek, Lehen Mundu Gerraren amaieraren mendeurreneko ekitaldian. Nazionalistak eta patriotak bereizi ditu hitzaldian. Nazionalistak munduaren gaitz guztien erantzuleak dira. Patriotak, askatasunen aldeko heroiak. Betiko diskurtsoa, Frantzian eta Espainian. «Haiek gaiztoak dira; gu, onak».

Haien ustetan, Gure Esku Dago-k biharko antolatutako bozketak ere nazionalisten kontuak dira. Katalunian aspaldi hasi ziren bide hori lantzen. Orain, gizartearen sostengu ahalik eta zabalena lortu nahi dute. Azken ekimena: Omnium Cultural erakundeak sortu duen Som el 80% plataforma. Eragile politiko eta sozial asko elkartu dira horren inguruan, milaka herritar. Geroa elkarrekin erabakitzeko eskubidea aldarrikatu dute. Sinatzaileen artean David Fernandez eta Xavier Domenech daude. Eta Joaquim Nadal, Gironako alkate sozialista ohia.

% 80 dira Katalunian. Eta gu, zenbat gara? Eusko Legebiltzarreko bozetan lortutako boto portzentajeak batuta, gehienak. Teorikoki, zeren eta kanpoko presioak eta barruko anbiguetateak zaildu egiten baitute teoria praktikara eramatea. Bizikidetza ez hausteko eskatu dio Idoia Mendiak EAJri. Ez du kezkatu behar: bidea elkarrizketa dela azaldu du Iñigo Urkulluk, Generalitateko presidente Quim Torrarekin elkartu ostean. Zer elkarrizketa, baina? Torrak argi erantzun dio: katalanak ez dira mahaitik altxatu. Katalanek libre erabaki nahi dute, inposizio eta mehatxurik gabeko berdintasun egoeran. Zinezko aldebikotasunean, ez batzuek hemen saldu nahi diguten menpekotasun etsigarrian. Zer xede du orduan Urkulluren aholkuak? Euskal Herrian bide hori aurrera eramateko gogorik edo gaitasunik ez badute, autonomismora itzultzeko, makurrarazteko eskatu behar diote Kataluniari? Ez da harritzekoa Miquel Esquius jaunak urte hasieran lehendakariari bidalitako txioa, Ajuria Eneak Kataluniako krisian jokatutako rola salatzeko: «Aholkuak zure jendeari eman». Benetan: badakigu zenbat garen benetan?

Bizikidetza aldarrikatzen dute EAEko sozialistek. Eurek inposatutako joko eremua aldatzeko saioa eginez gero, gehiengoa izan arren, bizikidetza apurtzen ari zara. Nolakoa da oraingo bizikidetza, inondik inora ere apurtuta ez dagoena, Mendiaren ustez? Bortxa sinbolikoz eta mehatxu praktikoz inposatutako bizikidetza faltsua. Bizikidetza beste modu batean irudikatzen baduzu, nazionalista zara, inposatzailea. Supremazista.

Jorge Cagiao historialari galiziarrak, ordea, beste ikuspegi bat du. Micronacionalismos: ¿no seremos todos nacionalistas? liburuaren egileak nazionalismo hegemonikoen jokabidea kritikatu du. Haren ustez, estatu nazionalismoa da nazionalismo guztietan boteretsuena. Instituzionalizatuta dago; leku eta modu guztietan ageri zaigu. Horregatik, hain zuzen, ez diogu arretarik jartzen. Herritarrek nazionalismo «hutsal» hori arazorik gabe barneratzea lortu du estatuak: «Eraikin publikoetako bandera bezalakoa da. Ikusi egiten dugu, baina ohiko bihurtzen da».

Azaroak 5. Amsterdam-Madril hegaldia, KLM konpainiarekin. Edadeko bikote batek arazoak ditu eskuko ekipajearekin. Azafatarekin hizketan hasi dira, baina ez dakite ingelesez. Eztabaida eta liskarra. Azkenean, lurrean utzi dute bikotea. Espainiar unibertsal kosmopolita ez-nazionalisten kexak sare sozialetan: «Madrilera doan hegazkinean ezin da espainieraz egin»; «lotsagarria»; «boikota KLMri».

Aizu, eta azafata hori holandarra bada, Amsterdamen bizi bada, eta ingelesez badaki, hori eskatzen diotelako? Eta hilean behin hegaldiak aldatzen badizkiote? Helmugako herri guztietako hizkuntzak ikasiko ditu? Hasi dadila euskaldun bat kexatzen, Londres-Bilbo hegaldiko azafata batek euskaraz ez dakielako. Supremazista deituko diote. Akaso Iberiaren Madril-Rabat hegaldiko azafatek arabieraz dakite? Eta Madrildik Amsterdamera doazen azafata espainiarrak nederlanderaz mintzatzen dira edadeko turista holandarrei maletak jartzen laguntzeko?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.