Forondako aireportuak 24 orduz jardungo du larunbat eta igandez ere

Maiatzaren 20tik aurrera, etenik gabeko ordutegia izango du zazpi egunetan. 1980. urtean ireki zutenetik lehen aldiz du baimen hori

Forondako aireportua, artxiboko argazki batean. JAIZKI FONTANEDA/FOKU.
aitor biain
2021eko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Forondako aireportuak etenik gabeko ordutegia izango du asteburuetan ere aurrerantzean: gauez eta egunez, 24 orduz, zabalik izango da asteko egun guztietan, eta eskuragarri egongo da salgaien eta bidaiarien garraiorako. Gasteizko aireportuak 2019an berrekin zion egun osoko jardunari; orduz geroztik, 24 orduz zabalik zegoen, larunbat eta igande goizaldean izan ezik. Orain, ordea, asteburuetan ere ordutegi osoan ariko da: maiatzaren 20tik aurrera izango da. 1980. urtean ireki zutenetik lehen aldiz izango du baimen hori.

Urte ilunak igaro ditu aireportuak, eta azpiegituraren etorkizuna zalantzan egon da behin baino gehiagotan, euskal administrazioek hamaika ahalegin egin dituzten arren hura biziberritzeko. Salgaien trafikorako erabilera indartzea erabaki zuen Espainiako Gobernuak, 1990eko hamarkadan, eta emaitza onak eman zituen. Baina AENAk ordutegia murriztea erabaki zuen 2012an: ordutegia erdira murriztu zitzaion, eta soilik gauez izan zen martxan. Horrekin batera, muga ikuskaritza izateko baimena ere galdu zuen.

Lau urtez izan zen hegaldi erregularrik gabe. 2017an berreskuratu zuen bidaiarien garraioa, Ryanair konpainiaren eskutik. Urtetik urtera handituz joan da bidaiari kopurua, harik eta 2019an inoizko daturik onena erdietsi zuen arte: 174.024 bidaiari guztira. Pandemiak, ordea, kolpetik eten du hazkunde hori.

Denis Itxaso Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak eman du ordutegi aldaketaren berri. Itxasoren hitzetan, erabaki «historikoa» da, eta Espainiako Gobernuak salgaien garraiorako «azpiegitura kritiko» hori etengabe hobetzeko egindako lanaren emaitza da. «24 orduak berreskuratzeko urrats honekin, Forondako aireportuak lehiakortasuna irabazten jarraituko du».

Gorka Urtaran Gasteizko alkateak ere begi onez hartu du erabakia. «Albiste ona» dela adierazi du, bai aireportuarentzat eta bai hiriarentzat. Gaineratu du etenik gabeko lan baten «fruitua» dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.